Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Hasi da, “Bizkaiko hotsak 2020” organo-jaialdiaren XV. ekitaldia

created by “Diego de Amezua” Organoaren Adiskideen Bizkaiko Alkarteak antolatuta |
|   Komunikazinoa

Joan dan barikuz, urriak 2, aurtengo lehenengo kontzertua ospatu zan Balmasedan eta bihar –urriak 17, zapatua-, Mañarian kontzertua izango da. Paueko Lurralde Kontserbatorioko organo-irakasle eta Donibane Lohizuneko eleizako organista titularra dan Jesus Martin Moro organistak musika barrokoa eskainiko dau bere emonaldian, “eskola, maisu eta ikaslea” goiburuaren haritik. Flandestar, italiar gaztelar eta aragoiar eskoletako lan barrokoak interpretatuko ditu, hain zuzen be artista honeenak, esate baterako: Bruna, Sweelinck, Scheidemann, Frescobaldi, Correa de Arauxo, Aguilera de Heredia.

Mañariako organoa Bizkaiko organo barroko iberiarrik handiena da. Santiago Erdoyzak eraiki eban orain dala gizaldi bi eta erdi aitatutako estilo horretan. Honeek dira ezaugarri nagusiak: teklatua zatituta (horri esker, sonoritate desbardin bi batera, esku bakotxean bat, izan daitekez) eta tronpetak batailan (horizontalean jarrita fatxadan).

Pablo Cepeda jaialdiaren koordinatzaileak azaltzen dauanez, bere tamaina soinu-multzo zabalak eragiten dau: txirulak, nagusiak, mixturak, barruko trompetak, bataila-tronpetak, korneta bi (bata, oihartzunen kutxan gordeta). Dotore eta oparo apaindutako kutxa, Ramos maisuarena da. Mila eta hobeta bederatzi tutu ditu 33 erregistro erditan banatuta. Bizkaiko Foru Aldundiak Joaquin Lois organo egile eta konpontzaileari agindu eutsan zaharbarritzea orain dala 25 urte.

Mañariako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz ospatuko dan kontzertua pantailan proiektatuko da eta sarrera doan izango da aforo murriztua bete arte. Antolatzaileek eskatzen dabenez, boluntarioen jarraibideei jaramon egin behar jake, maskara eroatea ezinbestekoa da eta segurtasun-tarteak errespetatu egin behar dira.

Jesus Martin Moro organistaren emonaldia bihar, Mañarian