Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Harrera etorkinei Berrizko “Olakueta Etxean”

|   Komunikazinoa

2018ko irailean zabaldu zanetik, 89 laguni eskaini deutse harreta Berrizko “Olakueta Etxean”, non etorkinei aldi baterako harrera egiten jaken. Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako Sailak jarri eban martxan eta Suspergintza alkarteak eta Suspertu gizarteratze-enpresak kudeatzen dabe. Arduradunen esanetan, egitasmoetan funtsezkoa da Berrizko herritarren esku-hartzea, boluntarioena eta gizataldeena, eta baita egitura eta bitarteko instituzionalena be. Gainera, Berrizko Mesedetako monjak be hasieratik konprometitu dira egitasmo honegaz.

Ahulezia handia jasaten daben etorkinei alde baterako ostatua eta arreta pertsonala eskaintzeko helburu nagusiagaz sortu zan ‘Olakueta Etxea’ 2018an. Persona honeen bizimodua gizatasunez beteteari begira eratutako egitasmo honen bidez “inongo babesik ez dauken personei lagundu gura deutse eta gizarteko norbanako eta taldeakaz gainera, erakundeetako egitura eta bitartekoak batu ditu, eta lankidetza oso, sano eta begirunetsuan dihardue guztiek”.

Amaia Modrego Berrizko Mesedetako monjak azaltzen dauanez, aterpetxe hori martxan jarriko zala ezagutzeaz batera eta ordenaren misiolari karisma kontuan hartuta, "hemendik, Berrizen, egitasmo honi laguntzeko moduan gagoz, oso egitasmo ona da eta hasieratik dihardugu alkarlanean”. Hasieran, larrialdi eta bat-bateko arazoei erantzutea zan helburua eta horreek gainditu eta gero, besteak beste, gaztelaniazko eskolak emoten dabez, eurek hizkuntza hori menderatzen dabelako eta etorkin askok eta askok erabilten daualako. Gainera, misiolari izan dira Afrikan eta handik datozanen testuingurua eta lekuak ezagutzen dabez.

Tere Iriondo, Mª Luisa Alvarez eta Amaia Modrego Berrizko Mesedetako monjek dihardue “Olakueta Etxean” laguntzen, batez be gaztelaniazko eskolak emoten. Euren esanetan, “eskola horreek guztiz garrantzitsuak dira etorkinentzat, hartu-emonetarako, eragin-trukea sumatzen da eta adiskidetasunean sakonduz, bat gatoz hainbat gauzatan”. Amaia Modregok nabarmentzen dauanez, aterpetxean familia giroa sortzen ari da eta arduradunak adi dagoz aurkeztu daitekezan egoera barriei aurre egiteko. Berrizko Caritasek eta herriko boluntarioek be laguntzen dabe.

Orain dala hilebete batzuk etxearen ateak zabaldu ebezan herritarrentzat, ezagutzera emon eta boluntarioak erakarteko. Gainera, udaleko gizarte zerbitzuek be esku-hartzen eta laguntzen dihardue, aterpetxean dagozanak erroldatu eta hainbat ume eskolatu dabe-eta.

2018ko irailean zabaldu zanetik, hainbat perfil eta herritartasuneko 89 laguni eskaini deutsie arreta, ekainaren azkenera arte 4.881 gau-igarote izan dalarik. Aterpetxera hurreratzen diran personen (familiak, haurdun dagozan edo adin txikikoen ardura daukien emakumeak, gaixoak, sendatzen ari diran personak edota ahulezian dagozanak) egoerari dagokionez hiru perfiletan banatu daitekez: 55 lagunek asiloa eskatu dabe (%61,80); gizatasunez artatu izan dira 12 lagun (%15,73) eta 22 lagun aldi baterako dagoz hemen, beste norabait joatekotan (%22,47). Persona honeek batez be Cear Euskaditik eta Gurutze Gorritik datoz. Gaur egun, 26 laguni eskaintzen jake arreta: 7 emakumeri, 7 gizonezkori, 7 mutikori eta 5 neskatori.

Egitasmo hau azaltzeko bideoa egin da eta bertan etorkinek, boluntarioek, beharginek eta erakundeetako ordezkariek ‘Olakueta Etxearen’ inguruko esperientziaz jarduten dabe: https://www.youtube.com/watch?v=M0wQCTqUwXg

"Olakueta Etxea", Berrizen