Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Gotzainaren eta Javier de la Torre irakaslearen arteko alkarrizketa 'Humanae Vitae'ri buruz Deustun

created by Entziklikaren 50. urteurrenean |
|   Komunikazinoa

On Mario Izeta gotzaina eta Comillaseko Pontifize Unibersidadeko Teologia Fakultatean Pertsonaren Moraleko irakasleak alkarrizketan jardungo dabe gaur, maiatzak 17, Deustuko Unibersidadeko Gradu-aretoan. Arratsaldeko zazpietan hasiko dan mahai-inguruan orain dala 50 urte Paulo VI.ak jaiotza-kontrolari buruz aldarrikatu eban entziklikaren eta Frantzisko aita santuak familia maitasunari buruz idatzi dauan aholku-hitz apostolikoaren argitan egindako irakurketaren inguruan jardungo dabe.

Bilboko gotzainak orain dala hilebete bi parte hartu eban Mexikoko Pontifize Unbersidadean ‘Humanae Vitae’ entziklikaren aldarrikapenaren 50. urteurreneko ekitaldietan. Gaur, on Mariok gai beraren inguruan jardungo dau Deustuko Unibersidadeak konbidatuta, Javier de la Torre irakasleagaz batera. Azken honek “Humanae vitae 14: una propuesta desde 'Amoris laetitia'” liburua idatzi dau –‘Sal Terrae’- eta bertan, besteak beste hauxe proposatzen dau: “erreforma txiki bat Eleizak sortze eta kontrazepzio gaien inguruan dauan ondare aberatsa autortuz”.

On Mario Izeta gotzainaren esanetan, Entziklika testuinguru kultural eta sozial korapilatsuan pentsatu eta idatzi zan eta, orain, aita santuak dinoskunez, “barriro irakurtea eta berraurkitzea” komeni jaku. Gotzainak autortzen dauanez, 50 urteren buruan, “testuinguru ideologiko haretako oinarrizko elementuak indarrean dagoz gure artean”.

Javier de la Torre irakasleak bere liburuan nabarmentzen dauanez, garai batean “pekatuzko jokaeratzat joten ziranak, gaur ez dira holan ikusten”. Berrogeta hamar urteotan “testua ez dogu argitasunez geure egin”, dino berak eta erreforma sakona proposatzen dau, “alkartasun-eklesiologia sakonetik, garapenak ezin dira-eta arau-aldaketa hutsera mugatu”.

Azken batean, arratsaldeko zazpietan hasiko dan alkarrizketak “argi egin gura dau Eleizan ‘Amoris Laetitia’ aholku-hitz apostolikotik Paulo VI.aren entziklikaren irakurketa barria egiteko”.