Normalean ekitaldi hau ekainean, kurtsoaren amaieragaz bat eta euskerazko ikasleen jaiaren barruan, ospatzen bada be, aurton COVID-19 pandemiak saioa bertan behera iztea ekarri eban orain dala bost hilebete. Bihar egingo da, baina formatu txikiagoan, segurtasun-neurriak bete ahal izateko. Arriaga antzokiko arduradunakaz batera eratutako protokoloaz baliatuz, osasun eta segurtasun neurri guztiak beteko dira: lagun arteko tartea, jentearen joan-etorriak kontrolatuz, pilaketarik egon ez daiten; maskara uneoro jarrita eukitea eta mikrofonoa irakurraldi batetik bestera desinfektatzea.
Mariasun Landak berak irakurriko ditu lehenengo lerroak goizeko zortzietan, irakurraldiari hasiera emonez. Aurton, umeen eta gazteen literatura protagonista izanda, hainbat umek beste hainbat pasarte irakurriko dau. Gaur egungo baldintzak kontuan hartuta, euren parte hartzea birtuala izango da, aldez aurretik grabatutako bideoen bidez. Ohikoa danez, irakurketa jarraituan gizarteko sektore guztietako ordezkariek parte hartuko dabe, besteak beste, On Joseba Segura gotzain laguntzaileak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburuak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak.
Arriaga antzokiaren aurreko plazan pantaila erraldoia jarriko dabe, saioa zuzenean jarraitzeko. EITBko web orrialdean be zuzenean emongo dabe irakurketa jarraitua.
Aurton ez da liburu bat osorik irakurriko, Mariasun Landa idazlearen kontaketa aukeratu batzuk baino. Argitaletxeek lagunduta egin da hautaketa hori, euskeraz egiten dan umeen eta gazteen literatura nabarmentzeko.
Ekimen hau Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzagaz egiten da.