Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Gospel kontzertuak Bizkaiko hainbat parrokiatan

created by Gospel afrikarra, gospel amerikarra, kantu etnikoa eta popa |
|   Komunikazinoa

ABA TAANO taldeak gure Eleizbarrutiko hainbat parrokiatan abestuko dau barriro be, apirilaren 21, 23, 24 eta 25ean. Apirilaren 21ean, domekaz, Algortako Bariko San Nikolas eleizan izango da, 20:00etan; apirilaren 23an, Derioko San Isidro eleizan, 19:30etan; apirilaren 24an, Gernikako Santa Maria parrokian, 19:30etan eta apirilaren 25ean, Balmasedako San Severino parrokian, 20:00etan.

Bost gaztek, Nabbaale Harriet, mezzoak; Nkugwa Mukisa Patrick, baritonoak; Kamoga Morris, baxuak; Mayanja Louis, baxuak eta Ssenteza Derrick, baxu eta zuzendariak, gospela “a capella” abesten dihardue munduko makina bat lekutan. Hainbat sari jaso dabe nazinoartean eta ez da gure Eleizbarrutira datozan lehenengo aldia. Mila eta bostehun kontzertutik gora eskaini dabe dagoeneko eta 5 disko grabatuta daukiez.

Musika biziak salbatzeko

Aba Taano taldea, orain dala 11 urte abusuak eta abandonua jasandako mutiko eta neskatoak salbatzeko helburuagaz sortu zan musika biziak salbatzeko egitasmoaren barruan dago. Ekimen honen sustatzaileek, umezurztegia sortu eben Ugandan eta bertan 30 neska-mutikori eskaintzen deutsie arreta, osoko hezkuntza emonez. “Geure seme-alabak balitzaz lez hezten doguz –azaltzen dabe-, talentuak antzemanez eta euren herrialdean etorkizunari begira prestatuz. Harrera egin eta buruz buruko hartu-emona izaten dogu, laguntasuna eta maitasuna emonez. Danak dagoz eskolatuta (lehen, bigarren hezkuntza eta goi-mailak)”.

Helduarora heltzen diranean, aurrera egiten laguntzen deutsie. “Batzuei musikaren mundu profesionalean, beste batzuei beste ogibide batzuetan, esate baterako, erizaintzan, teknologian, kotabilitatean, e.a.; euren negozioa izateko bitartekoak be emoten deutseguz eta hastapenetan lagundu egiten deutsegu, bakarrik itzi aurretik”.

Musika eta dantza guztiz garrantzitsuak dira egitasmoaren barruan. Alde batetik, musika eta dantzaren alderdi terapeutikoari esker hainbeste urtetan jasandako maitasun eta arretarik ezaren ondorioak arintzen jakez eta, bestetik, egitasmoaren diru-sarrerarik handiena da, 75 bazkide eta babesleren laguntzagaz eta iragarritakoak lako kontzertu eta emonaldiakaz.

Aba Taanoren emonaldi bat