Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Gizarte eta kultura aldaketa eragin behar dogu, bardintasunezko hartu-emonak sortuz”

created by Eleizbarrutiko Ordezkariek emakumeen aurkako indarkeria ezabatzearen aldeko eguna dala-eta |
|   Komunikazinoa

Joan dan asteburuan, Eleizbarrutiak garrasi egin eban zuzentasunaren alde eta datorren domekan be errepikatuko da garrasia eta, kasu honetan, indarkeria jasaten daben emakumeak gogoratuz: “Garrasi egin indarkeria jasaten daben emakumeen alde!”. Misinoak, Karidade eta Zuzentasuna eta Caritas eleizbarrutiko Ordezkaritzek idatzi daben oharrean jasoten danez, “emakumeen aurkako indarkeriak belaunaldi guztietako familia eta alkarteetan eragiten dau, eta gizartean indarrean dagozan beste indarkeria-mota batzuk sendotzen ditu”. Langile pastoraltzak, bere aldetik, gai honen inguruko ‘Aizu!!!’ agerkariaren alea kaleratu dau.

Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzearen aldeko nazinoarteko eguna, beren-beregi pentsatuta dago ankerkeria hau nabarmentzeko, gitxitu eta ezabatu ordez, lar hedatuta dagoalako gure gizartean. Eleizbarrutiko ordezkaritzek joan dan irailean, Bilbon, senarrak hil eban Maguette Mbeugou gororatu dabe oharrean, hainbat datu emoteaz batera: “Maguettez gainera, beste 51 emakume hil dira eruen bikotekideen edo bikotekide ohien esku, 971 emakume, zenbatzen hasi ziran 2003.eko urtarrilaren 1etik hona. Hogeta hamahiru adin txikiko geratu da umezurtz eta 27 mutiko eta neskato hil ditu indarkeria matxistak 2013tik hona. Munduko emakumeen %35ak bizitzako uneren batean beste norbait bihurtu dan bere mutil-lagunaren aldetik indarkeria fisiko edota sexuala jasan dauala uste da”

Ordezkaritzek nabarmentzen dabenez, “emakumeen aurkako indarkeria ez da kultura, lurralde edo herrialde jakin batera edo gizarteko emakumeen talde jakin batzuetara murrizten. Emakumearen aurkako indarkeriaren sustraiak emakumeen aurkako bazterketa iraunkorrean dagoz”. Eta aurrerago hots egiten dabenez, “indarkeriaren biktima diran emakumeek erabatekotasunez eta eraginkortasunez euren ondoan sentitu gaiezala gura dogu, eta indarkeriazko jarduerak salatzeko, indarkeriaren biktimen aldeko neurriak eta prebentzinoa aldarrikatzeko beste talde batzuekaz bat eginez, maitasun askatzailea dan Jesusengan agertzera emondako Jainkoak eraldatutako alkarte izateko konpromiso sendoa dogula ikusi daiela”.

Frantzisko Aita Santuak be argi hitz egiten dau gai honen inguruan: “ezin da «natural bihurtu» emakumeen aurkako indarkeria, gure alkarteetan emakumeak dauan protagonismoa onartzen ez dauan kultura matxistari eutsiz. Ez da bidezkoa beste aldera begiratu eta hainbeste emakumeren, batez be gaztetxoen, duintasunaren «zapalketaren» aurrean ezer ez egitea”.

‘Aizu!!!’ agerkaria osorik: hemen.