Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Giza eskubideak, zuzentasuna eta duintasuna mintzagai, “Gazte Role Model” sari-banaketan

created by Pako Etxeberria eta Begoña Iñarraren gizatasuna, agerian |
|   Komunikazinoa

Pako Etxeberria auzitegiko medikua eta Begoña Iñarra lekaimeak hunkituta jaso eben “Gazte Role Model” saria, hain zuzen be, Nestor Basterretxea zanak egindako eskultura, Begoñazpi ikastolaren eskutik. Eleiz eta herri erakundeetako hainbat ordezkariz gainera, eskola-alkarteko makina bat kide batu zan ekitaldian eta agerian geratu zan saritu bien gizatasuna eta konpromisoa. Begoña Iñarrak “gizon eta emakume guztien aldeko alkartasuna” aitatu eban eta Pako Etxebarriaren esanetan, “ezin gara neutral izan bidegabekerien aurrean”. On Joseba Segura gotzain laguntzaileak, bere aldetik, uste sendo bati eutsi eutsan: guztion duintasunaren alde egindako ahalegina, “fededun eta fedebako askok guztiz baliotsutzat jo eta konpartitu egiten dogu”.

Atzo Begoñazpi ikastolan batu ziran guztiei eskerrak emoterakoan, Begoña Iñarrak esan ebanez, sari honi esker “egindako ibilbideari begiratzeko” aukera izan dau eta bizitzako bidaia hori Machadoren berbak erabiliz definitu eban, bere esanetan, iristea baino garrantzitsuagoa dalako “bidea egitea”. Bere jatorriak ‘botxoan’ eta gertuko senideak, eta guztien gainetik, “alkartasunaren ahogozoa erakutsi eusten” gurasoak izendatu ebazan lehenengo eta behin. Ondoren, Kongoko ikasleak, Ugandako ikasleak eta euren familiak, Ugandako kristauak, etiopiarren emazteak, Nairobi eta Afrikako emakumeen eskubideen aldeko borroka…

Afrikan misiolari lanetan diharduan emakume hau sakon ikututa eta hunkituta agertu zan abusuen biktima diran emakumeengaitik, bidelagun izan dituan emakumeengaitik; gotzain laguntzaileak esan ebanez, “benetan, giza esperientziaren funtsezko eragile diran grazia eta bihotz-zabaltasunaren” eredu da-eta.

Pako Etxebarriak, hasieran, ikastola ze lekutan kokatzen dan gogoratu eban: Jesus Galindez kalean, hain zuzen be, “bahitu ondoren desagertu egin zan gizoranen” izena daroan kalean. Auzitegiko mediku lanbidea aukeratzea “nahiko ezohikoa” dala esan eban. Begoñagaz puntu batean bat etorrela adierazo eban: “objektibo izatearen eta inpartzial eta neutral izatearen arteko aldea antzeman dot. Nik ez dot neutral izan gura giza eskubideak urratzen diranean. Horrexegaitik konprometitu naz oroimen historikoaren berregitean laguntzeko”.

On Joseba Segura gotzain laguntzaileak eskerrak emon eutsezan euren “etorri handiko bizitzengaitik, ulertezintasun eta axolagabetasunez betetako inguruan lekukotasunari eusteagaitik eta, apaltasunez, baina egiaz, sinbolizatzen dozuenagaitik”.

Ikasturtean zehar, saritu biak ikastolara joango dira eta euren esperientzien barri emongo deutse bertako ikasleei.

Sarituek Nestor Basterretxea zanak egindako eskultura jaso eben