Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Gernikako Andra Mari eleizako portadako irudi bat bota eta apurtu dabe

created by Ondare historikoaren kontrako erasoa |
|   Komunikazinoa

Goizeko lehenengo orduan eleizara joan danean atariko San Pabloren irudia lurrean apurtuta egoala ikusi dau abadeak. Tamalez ez da lehenengo aldia balio historiko aparta daukan iparraldeko portada honi eraso egin deutsena. 2013an Amabirjinearen irudia egoan oinarria apurtu eben eta urte bete geroago, burua lapurtu eben. 500 urtez zutik iraun eban irudia egun batetik bestera desagertu zan. Parrokiak salaketea jarri dau eta orain itxaron egin behar da jakiteko apurtutako irudia konpondu eta barriro lehengo lekura eroan daiteken.

Iñaki Jauregi parrokoak bere hasarrea agertu dau barriro be iparraldeko etarteari eraso egin deutselako. Burua zati bitan apurtuta aurkitu dabe eta lurrean botata. 

On Mario Izeta Gernikan jaiotako Bilboko gotzainak gertaeraren barri jaso dau kanpoan dagoala eta berehala eskatu deutse Eleizbarrutiko Ondarearen arduradunei behar diran urratsak emoteko "ekintza bandaliko larri" honen ondorioz eragindako kalte guztiak aztertzeko eta beharrezkoak diran neurriak hartzeko.

Portadaren ezaugarriak

XIV eta XV mende arteko portada da Gernikako Andra Marikoa. Bizkaian badagoz antzeko beste holako etarte batzkuk Erandion, Mungian, Loiun, Sestaon,  Axpen, Markinan... Baina portadarik gehientsuenetan ez egoan irudirik, Lekeitiokoan eta Gernikako honetan izan ezik, eta horregaitik, jakina "besteak baino balio historiko handiagoa dauke", Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuzendari teknikoak dinoanez.

Sancho Emparanek egin eban Gernikako portada. Gipuzkoako eskulturgile honek 1449. urte inguruan egin eban berau mainelean agertzen danez. Beste eleiza batzuetako portadak be egin ebezan artista honek, Elgoibarkoa eta Lekeitioko basilikakoa be beronek egindakotzat hartzen da. Honako pieza gitxi dagoz Bizkaian, beraz, ondare garrantzitsua da", Cembellinen esanetan.

San Pabloren irudia oso bertikala da eta soinekoak tximurdura ugari hartzen dabe. Santuaren ohiko irudiak daroazan ezaugarriak agertzen dauz: liburu bat eta ezpata bat. Irudiaren burua ez da antza jatorrizkoa eta begiradeak, noraeza erakusten dau santuaren beste irudi batzuetan agertzen dan antzera.

Historiaren une batzuetan portadako irudi batzuk desagertu egin dira baina "tamalez, azkenaldi honetan gero eta gehiagotan gertatzen da hau eta arduratzekoa da". Juan Manuelen esanetan "ez dakigu muturreko ideologiak ala burubako batzuren ekintzak dagozan honen atzetik, baina modu batera edo bestera izanda be, gure ondarearen kontrako eraso larriak dira". Lehenengo Andra Mariaren burua desagertu zan eta orain San Pablo apurtu dabe.

Apurtutako zati guztiak arretaz eta kontu handiz batu dira eta orain aztertu egin beharko da irudia berregin eta lehengo lekura eroan daiteken. Aurrera begira behintzat, holako erasoei aurre egiteko beharrezkoak diran neurriak zeintzuk izan daitekezan aztertuko da Eleizbarrutitik.

Gernikazarra

"Eraso hau irudi erlijioso baten hondaketatik haratago joan da.Kulturaren kontrako ekintza izan da, kultura da-eta apurtutako arte irudi hori eta baita berari lotutako lehengo eta oraingo herritar askoren sinesmenak eta tradizioiak. Kultura horren parte handia izan da ere urteetan gure herritarrek ondare artistiko eta kulturalaren alde erakutsitako jarrera. Beraz gu guztion kontrako erasoa izan da", adierazo dabe ohar publiko baten herriko historia eta ondarea berreskuratzeko ahaleginean dabilen kultur taldekoek.