Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Geraldine Keeganek kalitate eta hezkuntzaz berba egin eban 400 entzuleren aurrean

|   Komunikazinoa

Geraldine Keegan St. Mary’s Collegeko zuzendariak berbaldia emon eban atzo Euskalduna Jauregian, “Kalitatea aitzakia barik. Bikaintasuna egitekotzat” goiburupean. Bizkaiko Elizbarrutiko Ikastetxeek antolatuta, 400 lagun inguru batu ziran ekitaldian eta bigarren areto bat prestatu behar izan eben.

Ikastetxe hau Ipar Irlandako ingururik txiroenetakoan dago, arazo larriez zipriztinduta, besteak beste: langabezia-tasa altuak eta Ipar Irlandako gatazkak eragindako liskar gogorrak. Eta ikasleak guzti horren isla dira: jatorri apalekoak, bi herenek dirulaguntzak behar dabez jatekoa jadesteko. Beharbada horregaitik, “kalitatea guretzat ez da aukerea”, esan eban zuzendariak.
Baina, berbaldian zehar, gauza bat nabarmendu eban beste guztien gainetik: hobekuntza izan dala “giltza”, eta gaur egun ere badala, ikastetxe katoliko hau kalitatearen erreferente izan daiten irakaskuntzan.
Erretiroa hartzeko hilabete batzuk falta jakozala, Keeganek St. Mary’s zentrora iritsi zaneko unea ekarri eban gogora eta 18 urtetan zuzendari lez erronka desbardinei aurre egiteko egindako ahalegina, inguruaren eta emoten zan irakaskuntzaren eskastasunaz jabetuta: “gestinoa, ikasleentzat ez ezik, beharginentzat zala pentsatu neban, ikasleak ez zirala epizentroa. Irakasle bikainak egozan bakarka lanean, baina ez egoan plangintzarik. Heziketea emoten zan, baina ez eban zerikusirik ikastetxean jarritako lehentasunekin. Ez genduan ezagutzen gidaritza edo kudeaketa lako terminorik”.
Bere berbak ikastetxearen irudiekin osotuz, 1991. urtean kalitate ereduak hobekuntzarako tresna lez bultzatzea erabagi ebala esan eban, eta urtebeteren buruan emaitzak lortu ebezala. 1992. urtean, ehuneko 138tik gora hobetu ebezan azterketen emaitzak. “Gure ikasleentzako emaitzarik onenak lortu nahi genduzan, beraz, kulturea sortu behar genduan, hezitzaileak hezi, talde lana sustatu, danen, administrazinoko beharginen, garbitzaileen zein hezkuntza alkartearen partehartzea eragin etengabeko hobekuntza prozesuan”.
“Gure bezerorik garrantzitsuenak” ikasleak dirala berresteko, ikastetxean ikusi daitekezan jarduera batzuen barri emon eutsen han batutakoei: ikasleek partehartze nabarmena dabela Ikasleen Kontseiluaren bidez erabagi batzuk hartzean eta Kontseilu honen bitartez eskola uniformean prakak erabiltea, ikasleek irakasleengandik zer gura eta espero daben jakiteko “eskubide eta erantzukizunen gutuna” egitea, zapatuetan eskolara joatea... erabagi dala. Guzti honek ikasleak eskolara pozik joaten dirala erakusten dau. Gainera, Ulsterreko Unibertsitateagazko akordioa ere badabe eta, honi esker, udako eskolearen bidez, ikasleek goi mailako zentro bat ezagutzen dabe eta “lizentziatzeko” aukerea ere badabe.
Hezkuntza alkartean gurasoek ere zeresan haundia dabe eta seme-alaben hezkuntzan konprometitzen dira eta gela batzuetan eurekin egoten dira –gurasoren batek uniformea ere jantzi dau, zuzendariak irribarrez gogora ekarri eban lez-; “Gurasoen gutuna” ere badago ikastetxean eta honako berme edo zerbitzuak jasotzen ditu: “zure alabea beti errespetuz hartuko dogu eta inguru seguruan egongo da”.
Ez da harritzekoa emaitza akademikoak Ipar Irlandako bigarren hezkuntzako beste edozein ikastetxerenak baino hobeak izatea. Eta horrela jarraituko dabe, kalitatean hobekuntzak ezartzen eta bide horretatik jarraitzen badabe. Horregaitik, barrikuntza oinarritzat daben beste helburu batzuk jarri dabez 2006. urterako. “Sortzen dozun kulturan pertsonek euren burua baloratuta sentitzen badabe, ia arriskuak hartuz, euren ideiak onartzen dozuzala ikusten badabe, barrikuntzak grina eragiten dau edozein erakudetan. Ikastetxeak etxe alaia izan behar dau eta nire ustez jentea han zoriontsu da barritzeko aukerea emoten deutsazunean”.
Baina norbaitek oraindik St. Mary’s Collegean garatzen diharduen kalitate sistema bategaz lan egitearen onurak hain argi ikusten ez baditu, zuzendariak argi eta garbi esan eban: “motibazino eta moral altua dago langile eta ikasleen artean. Ikasleen jokaerea bikaintzat jo izan da, inguru hain gatazkatsuan dagozala kontuan hartuta. Hobekuntzak lortu doguz eta gurasoen partehartze haundiagoa dogu hezkuntza alkartean. Baina, gauza guztien gainetik, hobetzeko bideen bila gabiz beti. Etorkizuna erronka barriak hartzea da, ikasle eta gurasoekin hartuemon estuan jardutea”.
Egokitasunez, Keeganek Bernard Shawren esaldi bategaz laburtu eban bere hezkuntza politika: “gauzak ikusi eta zergaitik galdetzen dozu. Sekula izan ez diran gauzak amesten dodaz eta zergaitik ez dinot”.
“Guk langabezia eta txirotasunagaz zerikusirik ez daben ametsak doguz etorkizunerako; gure ikasleak euren bizitzei ahalik eta probetxurik onena atarateko gauza izango diraneko geroa dogu amets”.
Solasaldi batez amaitu zan ekitaldia; bertaratutakoek jakinmina erakutsi eben Geraldine Keeganek St. Mary ikastetxean egindako lanaz eta irakaskuntzan ezarri dauan kalitate ereduaz.