Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Geraldine Keegan Bilbon

|   Komunikazinoa

Otsailaren 7an, martitzenez, arratsaldeko zazpietatik aurrera, Geraldine Keegan Derryko (Ipar Irlanda) St. Mary Collegeko zuzendaria Euskalduna Jauregian izango da “Kalitatea aitzakia barik. Bikaintasuna egitekotzat” goiburudun berbaldia emonez, Bizkaiko Elizbarrutiko Ikastetxeek antolatutako ekitaldian. Hain zuzen ere, ikastetxeotako zuzendaritza-taldeetako kideek bisitaldia egin barri dabe 2001an “European quality award” kalitatearen arloan emoten dan sari gorena jaso eban ikastetxe hau.

“St. Mary’s” Ipar Irlandako inguru gogorrenetako batean kokatutako ikastetxe katolikoa da eta Europako eta munduko era guztietako erakundeentzako kalitate erreferente eta eredu izatea lortu dau. Geraldine Keegan orain 15 urte St. Mary’s Collegera iritsi zanean, Europako lurralderik txiro eta kaltetuenetakoan –langabezia-tasak ikaragarriak ziran- egoan zentroa aurkitu eban; Ipar Irlandako gatazkaren erdian, Creggan eta Bogside auzoetan sufritzen ebezan liskar horreen eraginik txarrenak; ikasleen %65ak ikastetxean jaten eban eta ikastetxearen lan filosofiaren ardatza irakasleak ziran, ez ikasleak.

Abagune gordin honi aurre egin eta Geraldine Keeganek zuzendari kargua hartu eta kalitate ereduak ezartzearen alde egin eban, horrela ikastetxearen baldintzak hobetzeko. Gaur egun ere ikastetxeko zuzendaria da eta, gainera, irakasle lanetan jarduten dau Ulstereko Unibertsitatean eta nazioartean erabateko autorpena jaso dau hezkuntza kalitatearen hobekuntzan egin dauanagaitik. Une gogoangarriak izan dira bere zentroarentzat lortutako sariak: hiru sari Eskola Curriculumean, Saria Kalitateari Erresuma Batuan, bi Sari Kalitateari Ipar Irlandan, Erresuma Batuko Millennium Excellence Award, Investor in People, eta 5 Charter Mark Award lortzen dituan lehenengo zentroa da.

Bere esperientzia profesional luzea eta jadetsitako emaitza bikainak dirala-ta, makina bat forotan esku hartu dau, esate baterako, “European Foundation for Quality Management” dalakoan, eta hamaika berbaldi eskeini dau Europan, EEBBetan, Kanadan, Kuwiten, Dubain, Australian eta Bilbon egon ondoren bisitatuko dauan Zeelanda Berrian.