Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Gaurko egoeran, zer egiten dihardu Bizkaiko eleizak kartzeletan?

created by Kartzela Pastoraltzaren jarduerak |
|   Komunikazinoa

Kartzela Pastoraltza eta Bidesarik, coronavirusa dala-eta egoera aldatu bada be, kartzelan akonpainamentua eskaintzen jarraitzen dabe. Jorge Muriel sail honetako arduradunak bideoa bialdu deusku bere etxeko konfinamendutik, Basauriko kartzelara egiten dituan urteerak azalduz. Kartzela erabat itxita dago alkarteentzat, GKEentzat, kultu erlijiosorako eta era guztietako borondatezko jardueretarako. Kartzela Pastoraltzari eskaria egin deutse, ahal dan neurrian, lagundu daien entzunez, eurakaz otoitz eginez eta erropak eta diru-laguntzak sartzen saiatu daitezala, batez be telefono-txartelak senideei deitu ahal izateko.

Jorge Murielek azaltzen dauanez, “berehala” egindako eskariari erantzun eutsen Caritas eta Ekorropari esker, datozan asteetan beharrizan honeei erantzuteko behar dabena eskuratu dabe. Kartzela Pastoraltza astelehen, eguazten eta barikuz joaten da kartzelara eta, segurtasun-neurriak gehitu egin diranez, manpara eta telefono bidez dabe hartu-emona presoakaz.

Presoek jakinarazo deutsienez, tensino handiz bizi dabez une honeek. Egoera honetan, Jorge Murielek itxaropenezko mezua zabaldu gura dau, “honetatik be atarako garalako, baina azkenen artean azkenei lagun egin behar deutsegu”.

Kartzela Pastoraltzatik eskerrak emoten deutsez espetxe erakundeei euren “enpatia eta hurkotasunagaitik” une oinazetsu eta gatx honeetan.

Jorge Muriel