Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Gaur, San Antonen, “Ebanjelioak eta beste kristau idazki batzuk”

|   Komunikazinoa

Santiago (Katedrala), San Antonio Abata, Joan Santuak eta San Nikolas parrokiek osotzen daben Alde Zaharra Pastoral Barrutian hilero berbaldi-solasaldi sorta bat egingo da “Bizitzagaz solasean” goiburupean, heziketa eta dibulgazinoaren bidez, gaur egungo gaiak lantzeko.

Gizartean azaltzen diran eta fede eta bizitzan eragina daben gaiak kristau planteamenduetatik jorratzeko beharrizan argia somatuta sortzen dira berbaldi-solasaldi honeek. Gaur arratsaldez, 19,30etan, San Anton parrokian ebanjelioen idazketaren gaia landuko da, “Ebanjelioak eta beste kristau idazki batzuk” goiburupean. Gaurkotasunez betetako gaia da, gai biblikoa ardaztzat hartzen dauan nobela asko kaleratu dalako eta oraintsu argitaratu diralako idazki apokrifo batzuk, esate baterako, aurkezpen polemikoa izan dauan Judasen ebanjelioa.
Esparru honetan, eragiten deuskuen edo sortzen jakuzan zalantzei aurre egin gura jake, zehaztasun eta gardentasunetik, partehartzaileekin solasean jardunez eta aurkeztutako gaien inguruko bereizketarako erizpideak lortu guran.
Hurkatasun, zintzotasun eta irekitasunetik “Bizitzagaz solasean” jardutea da asmoa eta, horrela, alkar aberastea.
José Ángel Ubieta Lópezek zuzenduko dau gaurko berbaldia. Biblian aditua da berau eta “Biblia de Jerusalén” (Bilbao, 1967) deritzanaren argitalpen espainiarra zuzendu eban; gainera, Itun Zaharreko hainbat liburu itzuli dau eta testu biblikoen azterketan parte hartu. Sarrera irekia da eta gura daben guztiak joan daitekez.

Iglesia de San Antón