Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Gaur, On Joseba Segura gotzaina buru, Eukaristia Basauriko kartzelan

|   Komunikazinoa

On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain administratzailea buru dala ospatuko da gaur arratsaldeko bostetan Gabon-eguneko Eukaristian Basauriko kartzelan. Jorge Muriel Kartzela Pastoraltzarako Eleizbarrutiko arduradunak orain dala egun batzuk Herri Irratian egin eutsen alkarrizketan adierazo ebanez, Eukaristia honetan ohikoak baino jente gehiagok parte hartzen dau. Bere esanetan, “egun zailak dira, eta are gehiago urte honetan. Kartzelara itxaropen apur bat eroatea da gure nahia”. Murielek asko baloratzen dau “On Joseba Segura gotzainak eta, Bilboko gotzain izan dan bitartean, On Mario Izeta gotzainak, kartzelan dagozanei erakusten deutsen gertutasuna, beti, prest hareengandik gertu egoteko”. Alkarrizketa osoa esteka honetan.

Gaurko ospakizunean oraintsu hildako Angel Mari Unzueta, pastoraltza honetako partaide be izan zana eukiko da gogoan bereziki.

Jorge Murielek autortzen dauanez, une honeetan, Kartzela Pastoraltzak zailtasun handiagoak ditu eta bere jarduerak egokitu egin behar izan ditu eta, besteak beste, lan-kanpamenturik ez dau egin, “ezinezkoa dalako”. Bizi dogun egoerak eragina dau boluntarioengan be, ezin dira-eta kartzelara normaltasunez sartu.

Errege egunez be topaketa izango dabe

Errege egunez be jarduera berezia egingo dabe kartzelan. Murielek azaldu dauanez, “hiru abade etorten dira kartzelara opariakaz. Ilusinoa, poza eta itxaropena buztartzen dira zeinu honetan; aurton, sasoiz prestatu dabez paketeak indarrean dagoan osasun egoeran ezinbesteko diran baldintza guztiak beteteko”. Hilebete honeek gatxak izan dira gizartearentzat eta, jakina, Kartzela Pastoraltzarentzat eta, zailtasunak zailtasun, saiatu dira pertsonei laguntzen eta euren doluetan ondoan egoten. Murielek esan dauanez, “hilebete honeetan ez gara geldirik egon, izan be, nire ustez, Eleizak inork egon gura ez dauan lekuan egon behar daualako eta abian egon behar daualako beti. Laguntzen eta itxaropen izpiak eroaten saiatu gara”.

Egitasmo barria

Orain dala aste batzuk, laguntza espiritualerako zerbitzua jarri da martxan Basauriko kartzelan. Martitzenez, boluntario batzuk laguntzen dabe 17:30etatik 18:30etara. Gehiago jakiteko, hemen.