Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Gaur arratsaldez hasten da “ETPI”aren astea, Milurtekoko Helburuak ardaztzat dituala

|   Komunikazinoa

Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak urtero antolatzen dauan eta gaur hasten dan berbaldien asteak ixten dau Bilboko elizbarrutiak hilabeteotan egin izan dauan “Pobreziaren hondamena, gaurko ekimena. Pobreza cero, hoy es posible” kanpaina. Berbaldi honeen bidez Milurtekoko erronkak ezagutzera emon gura dira eta erronka horreen inguruko hausnarketea egin. Alboan, Caritas, Círculo Solidario, Esku Elkartuak, Euskal Elizbarrutietako Misinoak eta Langile Pastoraltzarako Elizbarrutiko Idazkaritza erakundeekin batera antolatu dabe aste hau.

     Berbaldi guztiak Indautxuko Karmengo Ama parrokiako areto nagusian izango dira, arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera. Gaurko hasiera ekitaldiko berbaldia Alfonso Dubois EHUko irakasleak eskeiniko dau “Milurtekoko Helburuak” goiburupean eta herrialde gehienetako estatu burek sinatutako helburu horreek aurkeztuko ditu, munduko politiken testuinguruan kokatuz historian zehar.

     Bihar, hilak 14, Dolors Oller irakasle katalanak “Pobrezia eta demokrazia” gaiaren inguruan jardungo dau, munduan pobreziak irauteak goitik behera jarten daualako zalantzan bere eraketa demokratikoa. Eguaztenean, hilak 15, teologian doktore eta elizbarrutiko abade dan F. Javier Vitoriak “Pobrezia munduan eta Elizea salbamen sakramentu” gaia jorratuko dau honako ikuskeratik: pobreziaren holokausto baimenduak eragin bikoitza dau Eliza katolikoan: Eliza aberatsen eta Eliza pobreen arteko komuninoan eta salbamen sakramentu izatea (LG 1) Cainen legea indarrean dagoan munduan.
     Eguenean, hilak 16, Lucía Ramón teologo eta filosofoak “Espiritualtasuna eta munduko pobrezia deuseztatzea” berbaldia emongo dau, txirotasuna kentzeko mistikea behar dala azaltzeko, aberatsen bihotzaren ohiturak (txarrak) birsortu eta aldatu dagizan. Zehatzago, espiritualtasunak indarra, ikuskerak, balioak eta lehentasunak emoten ditu eta honeek lagungarri izan daitekez gure Eliza aberatsetako kristinauen egunerko bizitza aldatzeko. Astearen hondarrean, “Pobreza cero. Hoy es posible / Pobreziaren hondamena, gaurko ekimena” mahaingurua izango da, Joaquín Perea ETPIko zuzendariak moderatuta.