Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Garizuma aldiari buruzko 5 galdera

created by Hoy, Miércoles de Ceniza |
|   Komunikazinoa

Garizuma aldia, Pazkoaren prestaketarako berrogei egun sinbolikotan luzatzen dan kristau erretiroa da. Gaur, Hausterre eguna, hasi eta Eguen Santuz, Jaunaren Afariaren ospakizunaren aurretik, amaitzen da. Gotzainak hilero idazten dauan gutunean esaten dauanez, aldi hau, “basamortuaren, isiltasunaren, Jainkoarekin sakontasunez bat egitearen aldia da, Espirituaren gidaritzapean, barru-barrutik barrituko gaituana”. Jose Luis Achotegui Liturgiarako Eleizbarrutiko Ordezkariak aldi honen inguruko bost galderari erantzuten deutse.

1. Zer da Hausterre eguna?

Garizuma aldiari hasiera emoten deutsan eguna da. ‘Berrogei’ zenbakiak (latinez, quadraginta edo quattuor), erlejino batzuetan, erretiro, isiltasun, barau, abstinentzia aldia adierazoten dau eta erritu bidezko sarbidea Jainkoaren esperientzia eta anai-arrebakazko alkartasuna ahalbideratzeko. Herri hizkuntzan, esate baterako gaztelaniaz, norbaiti “cantarle las cuarenta”, “zuriak eta baltzak esatea” da, hau da, lau egia esatea; norbait “berrogeialdian jartea”, dalako hori proban jartea da. “Berrogeialdia”, beste barik, behaketa-aldia da norbait ezagutzeko konfiantzaz onartu ahal izateko edo bakartze-aldia norbaitek gaixotasun kutsagarriren bat dauala-eta, sendatzea egiaztatzeko.

2. Zer dala-eta ezartzen da hautsa?

Bihotz-barritzeari eta pazko barritzeari begira jarten gaituan edo horreetara zabaltzen gaituan zeinua da. Ez da azalekoa; bateatu bakotxak Jesusen bizitzako gertaerak gaur egungo begiakaz biziz Pazko-bidean izan behar dauan jarreraren zeinu lez gordeten dau Eleizak.

3. Nondik ataraten da hautsa?

Aurreko urteko Erramu-domekako erramu bedeinkatuak erretetik ataraten da.

4. Noiz eta zelan ezartzen da hautsa?

Bedeinkapena, bakarrik abade edo diakonoak egiten dau. Ezarri, laikoek ere ezarri daikie hautsa eta Mezaren ospakizunetik kanpo egin daiteke erritoa. Kasu honetan, aurretik Hitzaren liturgia egitea komeni da.

Eleizbarrutian, gotzaina buru dala egingo dan hautsaren ezarpena gaur arratsaldeko zazpietan izango da Santiago Katedralean.

5. Derrigorrezkoa da barau egitea?

Frantzizko aita santuak, Garizuma aldirako idatzi dauan mezuan, dei egiten deutso gizarte osoari katolikoakaz bat egin daian, “alkarregaz barau egiteko eta alkarregaz ahal doguna emoteko gure anai-arrebei laguntzeko”. Era berean, aparteko deia egiten deutse “Eleizako kideei, arretaz eta gogoz ekin deien Garizuma aldiko bideari, limosna, baraua eta otoitza oinarritzat hartuta”.