Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Garizuma aldian, ‘bat eginda’ besoak zabalik harrera egiteko

|   Komunikazinoa

“Adiskide eta senide. Comunidades acogedoras” ekimena garatuko da gaur –otsailak 17, Hausterre eguna- hasiko dan Garizuma aldian eta hainbat bide eskaintzen jake parte hartu gura daben parrokia, talde edo norbanakoei. Hausterre eguneko ospakizunetan emongo jako hasiera kanpainari Bizkaiko parrokietan. Bilbon, On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain administratzailea izango da buru Santiago katedralean 19:00etan ospatuko dan eleizkizunean. Era bateko edo besteko arrazoiengaitik bertara joaterik ez dabenek zuzenean jarraitu ahal izango dabe Eukaristia web orrialde honen bidez. Beste alde batetik, Bizkaiko kristau alkarteek eskuratu daikiez gizarte, karidade eta misiolari konpromisoan sakontzeko prestatu diran lagungarriak. Datorren astelehenez, otsailak 22, eskaintza horri Imanol Zubero soziologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak gaiaren inguruan eskainitako online berbaldia gehituko jako.

Karidade eta Zuzentasunerako, Fede-zabalkunde eta Katekesirako, Misinoetarako eta Liturgiarako ordezkaritzetako kideek, Caritaseko, Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuko eta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuko kideakaz batera, Eleizbarrutiko hartzaile desbardinei egokitutako lagungarriak prestatu dabez, danok bat eginik adiskide eta senidez osatutako alkarte abegitsuak eratu daiguzan. Frantzisko aita santuaren Fratelli tutti entziklikaz baliatuz gai honen inguruan hausnartu eta sakondu gura da. Bilboko Eleizbarrutiak bere egin gura dau aita santuak idazkian egiten dauan gizarte senidetasun eta adiskidetasunerako deia, gizatasun handiagoa dauan gizartea egiteko jarduera zehatzak proposatuz.

Beste hainbat jarduera

Kanpaina garatzeko online eskaintzen diran lagungarriez gainera, Eleizbarrutian antolatutako ekitaldi publuko guztiek kutsu berea izango dabe hilebete honetan eta hurrengoan. Lehenengo hitzordua datorren zapatuz, otsailak 20, izango da Bake Topaketan. Martxoaren 8an, Martxoak8Emakume jardueraren hirugarren ekitaldia ospatuko da Indautxuko Karmeneko Ama parrokian. Pandemia aldian lehenengo lerroan egon diran eta euren burua “besteen alde emon daben” hainbat emakumeren izenean, Bilboko Eleizbarrutiko zortzi emakumeri autormena egingo jake. Caritasen eta Misinoen martxoko kanpainak be senidetasun unibertsalaren inguruan ospatuko dira eta gazte eta familia pazkoetan be adiskide eta senidez osatutako alkarte abegitsu izateko bideak jorratuko dabez.

Kartela