Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Galo Bilbao: “Asko dago egiteko oraindik bake eta adiskidetzearen eremuan”

created by Eleizbarrutiko arlo honetako arduraduna izango da Manu Arrueren lekua hartuz |
|   Komunikazinoa

Fede-zabalkunde eta Katekesirako Bilboko Eleizbarrutiko ordezkari izan dan Galo Bilbaok hartuko dau Manu Arrueren lekua Bake eta Adiskidetzea arloko arduradun lez. Ibilbide luzea dau Galok arlo honetan, ‘Bakeaz’eko kide izan dalako eta Terrorismoaren Biktimen Arretarako Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzako laguntzaile 2005 eta 2012 bitartean. Hona hemen bere lehen adierazpenak kurso honeatik aurrera bere gain hartzen dauan erantzukizuna dala-eta.

Zein aldartegaz ekiten deutsazu mandatu barri honi?

Interes pertsonala, konpromiso soziala, jarduera akademikoa eta esperientzia zehatza dirala-eta, eremu hau gustuko eta gertuko egiten jat. Dana dala, ez dot ukatuko arduraz aldatzeak, barritasunak zelanbaiteko ilusinoa eta ziurgabetasuna eragiten deustazala. Pastoral eta gizarte arloan, erronka handia da, eremu biak ikutzen dituan gaia da eta erantzukizuna bietan banatuta dago eta bietan erantzukizunez jokatzea nahiko neuke, akats eta zailtasunik ez jatala faltako, baina asmatze eta laguntzak be izango dodazala jakinda. Kontuak kontu, pastoralgintzaren espiritualtasunean sakontzeko, aldi barri honetan gertatuko dan guztia Barri Onetik bizitzen ikasteko aukera izango da eta aprobetxatu gurako neuke.

Aldaketarik izango da ala aurreko taldeak ekindako ibilbidetik jarraitzea da asmoa?

Arlo edo eremu hau barri samarra da Eleizbarrutiko Kurian, orain dala hiru urte sortu zalako eta, ondorioz, hastapenetan dagoala esan daitekelako. Beste alde batetik, jardunbide nagusiak aurkezten dituan Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluak eskatuta sortu zan. Guzti hori kontuan hartuta, Manu Arrueren ardurapean hain egoki egin izan danari jarraipena emotea eta horretan sakontzea ezinbestekoa dala uste dot. Inguruabar honeetan, nahitaez desbardina dan arduradun barriaren estiloa kenduta, ez da zentzuzkoa aldaketarik sartzea.

Zeintzuk dira erronka nagusiak arlo honetan gizartean eta, zehazki, Eleizan?

Asko dira, baina bat aitatuko neuke gainerako guztien gainetik, hau da, indarkeria terrorista amaituta, oraindik arlo honetan asko dagoala egiteko konturatzea: biktimak autortu; gure memoria sendatu; gertatutakoaren kontaketa anitz, benetako eta zuzenak eratu; bizikidetzarako eremuak berreskuratu; oraindik antzematen dan sufrimentu bidegabea gitxitu; belaunaldi barriak balio eraikitzaileetan hezi… Eta guzti hau ez gizartean bakarrik, baita geure alkarteetan be, iragarten dogunaren, Bake eta Adiskidetzearen mezu ebanjelikoaren, lekukotasun izateko.

Benetan, nire ustez, eremu honetako erronken sakonera, garrantzia eta tamaina egundokoa da eta harropuzkeriaz eta oker jokatuko geunke eremu honetatik eta Eleizbarrutitik guzti horeei bete-betean erantzungo deutsegula esango bagendu. Ziurtatu daikegun gauza bakarra zera da: Eleizbarrutiak, bere espezifikotasunetik eta bere gaitasunakaz, gogotsu esku hartuko dauala Bake eta Adiskidetzearen alde gure artean eta gizartean.