Seiheun mutiko eta neskato –batez be azken honeek- baino gehiago joango da eskolara. Neskatoentzat berebiziko garrantzia dau eskolara joateak, heziketa barik, azkenean, etxeko lanetan baino ez diralako aritzen eta, askotan, euren borondatearen kontra ezkondu egiten dabezalako. Eraikin barri honek hiru ikasgela handi izango ditu, irakasleentzako gela eta komunak ikasleentzat eta eskolako beharginentzat.
Galdakao Pastoral Barrutitik eskerrak emoten deutsez dohaintzak egin dabezan pertsonei, ‘Alborada berri’ taldeari –herriko antzerki-taldea, pertsona nagusiez osatuta eta ekimen honeetan aspalditik laguntzen dauana-, urteroko emonaldian batutako dirua helburu honetarako emon izan daualako eta Galdakaoko udalari, Torrezabal antzokia izten deutselako eta 15.000 eurotako laguntza emon daualako egitasmo hau aurrera atarateko.
Eskolaren eraikuntza-lanak azken txanpan dagoz, Covid-19aren pandemia dala-eta, hango herritarrak be konfinatuta dagoz-eta.
Mozambiken, Mariaren Misiolari Frantziskotarrak arduratzen dira egitasmoaz. Galdakaotik eurakaz lanean dihardue azken hamabost urteetan hainbat egitasmotan, bai Lalauan –herrialdeko ipar-mendebaldean- eta bai Naamachan be –Maputo uriburuaren ondoan-: nutrizino-zentroa, edateko ura atarateko putzuaren eraikuntza, eguzki-plakak jarri alkartearentzat argindarra lortzeko, motorra eskuratu eskoletako beharginak eroateko, alkarte taldeak sustatu, mikrokredituak banatzeko egitasmoa, laguntasuna Namaachako ikastegiari, gazte boluntarioen praktikak udan…
Gonzalo Eguia Pastoral Barrutiko diakonoak azaldu dauanez, “eskolaren eraikuntza amaitzeaz batera, azken hogei urteetan lez, laguntzen jarraitu gura dogu eta horretarako egitasmoak aztertuko doguz”.