Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Foru Aldundiak Berrio-Otxoako San Balendini buruzko liburua argitaratu dau

|   Komunikazinoa

“Proceso de beatificación de Valentín de Berrio-Otxoa (1862-1906)” da Román Berriozabal euskal historialari eta filologoak egin eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu barri dauan azterlana.

“Proceso de beatificación de Valentín de Berrio-Otxoa (1862-1906)” liburuaren lehenengo argitaraldi honetan 500 ale kaleratu dira eta liburu-dendetan eta Bizkaiko Foru Aldundiko bertako Argitalpenen sailean eskuratu daiteke 24 euroren truke. Hirurehun orrialdetik gorako idazki honek Santuaren beatifikazino prozesuan jarten dau arretea.
     Argitaratu barri dan lan hau kronologikoki ordenatutako lau zatitan banatzen da. “Período anterior a la traída de sus restos mortales (1862-1884)” izenburupean, lehenengo zatian Berrio-Otxoaren martiritzaren inguruko barriak jasotzen diranetik auzia martxan jarri arteko aldia jasotzen da. Bigarren eta hirugarrenean, “Traída de los restos mortales (1885-1886)” eta “Primeras gestiones conducentes a la beatificación (1887-1893)” goiburupean, Berrio-Otxoaren gorpuzkien lekualdatzea, harrerea eta hilobiratzea gauzatu eta Vatikanoaren aurrean beatifikatze espedientea bultzatzeko sortutako batzorde kudeatzailea eratu bitartean gertatutako guztia kontatzen da. Laugarren eta azken zatiak –“Nueva andadura (1893-1908)”- dau barritasun gehien, martiriaren auziagaitiko ibilbidea eta honen burutzapena izan zan beatifikazinoa deskribatzeaz gain, horretarako eratutako batzorde kudeatzailearen lan haundiaren barri emoten daualako.
Berrio-Otxoako San Balendin Bizkaiko zaindaria da Loiolako San Inazioagaz batera. Elorrion (Bizkaia) jaio zan 1827an. Erlijioso domingotar hau misiolari izan zan eta gotzain Indotxinan. Martiri hil zan Tonkinen 1861ean eta 1988.eko ekainaren 19an santu autortua izan zan.

Elorrio, localidad natal de san Valentín de Berrio-Otxoa.