Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eusebio Sendino Bilboko Eleizbarrutiaren sorreraren aurreko aldian ordenatu zan azken abadea hil da

created by Goian Bego! |
|   Komunikazinoa

Atzo, eguaztena, Eusebio Sendino Terradillos eleizbarrutiko abadea hil zan 94 urteko zala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna bihar –urriak 23, barikua-, ospatuko da arratsaldeko zazpietan Begoñako basilikan, On Joseba Segura gotzain laguntzailea buru dala.

Hamar egunez ospitalean egon ondoren, atzo hil zan Eusebio Sendino Eleizbarrutiko abaderik nagusienetakoa. Orozkon jaio zan 1926an eta Basaurin biz zala Gasteizko seminarioan egin ebazan ikasketak eta, Bilboko Eleizbarrutia sortu (1950) baino urtebete aurretik, 1949.eko ekainaren 29an abade egin zan. Sendino zan, Eleizbarrutiaren sorreraren aurreko aldian ordenatu ziran abadeetatik bizirik egoan bakarra.

Araban, landa-eremuan eskaini ebazan lehenengo zerbitzuak abade lez eta handik Bilboko Eleizbarrutira etorri zan, lehenengo Goiuriako (Sodupe) parrokiara. Hogeta sei urte eskaini eutsazan apostolutzari Deustuko San Inazio parrokian, hamar urtez abade lagunkide lez eta 13 parroko lez. Jose Angel Ubietak “adiskidetasun eta konfiantzazko” hartu-emona eban hil barri dan abadeagaz eta bere esanetan, “Vatikano I.a Kontziliaren harreran erakutsi eban pastoral ardura” aitatu daiteke. Ubietak eta Sendinok alkarregaz ikasi eben eta alkarregaz izan ziran hainbat pastoral lekutan. Sendinok, azkenean, Santiago katedralean zerbitzatu eban, lehenengo “Onuradun” lez eta gero kalonje lez.

Bihar bere hileta hartuko dauan Begoñako Andra Mari Santutegiaren inguruan laguntzen jarraitu eban erretiratu ondoren, Artagan pastoral barrutiko alkarte erlijioso eta parrokietan. Abade lagunek “espiritualtasun sakoneko” pertsona lez gogoratzen dabe eta horrek bere bizitzako azken urteak, osasunez eskas samar igaro ebazanak, patxada handiagoz bizitzen lagundu eutsan.