Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Euren baliabideen ustiapen bidegarearen eraginez pobretasunean bizi diran herriak gogoan

created by Laudato si’ entziklikaren 5. urteurrena |
|   Komunikazinoa

Frantzisko Aita Santuaren Laudato si’ entziklikaren 5. urteurrena dala-eta, Misinoetarako eleizbarrutiko ordezkaritzatik izadiaren baliabideen ustiapen bidegbearen eraginez pobretasunean bizi dan hainbeste gizabanako eta herri gogoratu gura dabe. Amazonian, Napo eta Coca ibaietara egindako petrolio-isurketak agerian izten dau bide luzea dogula aurrez aurre gure mundua danon etxe, benetako giza familia egiteko, baina, azpimarratzen dabenez, “kristau alkarte ugari dago munduan, horretan konpormetitutako beste hainbat erakunderekin batera, hori gertatu daiten”. Laudato si’ entziklikak makina bat argibide emoten deusku.

Munduko biztanleriaren zati handi bat pobretasunean bizi da eta covid-19 pandemiaren eraginez euren egoerak okerrera egin dau. Gure eleizbarrutietako makina bat misiolarik jarduten daben lekuetatik etenbarik heltzen dira barriak eta Misinoetarako ordezkaritzek euren lana babesten dihardue hainbat herrialdetan. Osasun krisi hau biztu zanetik, hainbat bider bialdu da dirua beste hainbat egitasmotan laguntzeko eta aitatuta dagozan horreei beste batzuk gehitu behar jakoz. 10.000 euro bialdu dira Babahoyoko Eleizbarrutira (gizarte pastoraltza – caritas); 6.360 euro Machala Santa Rosa Eleizbarrutira; 3.000 euro Kitoko “Anudando” emakumeen alkartera; 5.000 euro Kayenzira eta 5.000 euro Muginako Caritasera (Ruanda).

Hainbat datu

Felix Urkijo Sondikako abade misiolariak eta Mari Jose Salazar Leoneko misolariak azaltzen dabenez, eurak dagozan Ekuadorreko probintzian, Esmeraldan, miloe erdi biztanle baino gehiago bizi da eta hiru arnasgailu baino ez dabez. Ekuadorren, gainera, familien portzentaje handi bat, Manabiko %80a eta Guayaseko %95a, egunean saltzen dabenetik bizi da eta, horregaitik, hilebete biko konfinamenduaren ostean, familia honeek inongo babes barik geratu dira.

Eta, zoritxarrez, munduan guztiz hedatuta dagoan beste arazo bat be nabarmentzen da: familia barruko indarkeria, batez be, eremu txikietan, alkarren gainean bizi diran lekuetan, Boliviako El Alton dagoan Alfonso Lopez abade bilbotarrak atsekabez beteta adierazoten dauanez.

Alkartasuna

Babahoyoko eleizbarrutian, batel honetan danok batera egiten dogu arraun kanpainarekin jarraitzen dabe. Kanpaina horretan, boluntarioen laguntzarekin, auzotarrek, denda txikiek eta ez hain txikiek eta gure eleizbarrutiek emondako elikagaiak banatzen dabez.

Jentearen alkartasuna agerian jarri da, pobretasunean egon arren, daukien apurra batera jarten dabelako. Ekuadorreko probintzia batetik bestera laguntza bialdu dabe, esate baterako, janariz betetako hainbat kamioi Manabitik Guayasera, eta baita Perun be, hemen familia eta alkarteek bat egiten dabelako alkarri laguntzeko danentzako lapikoen bidez. Trujillo Garaian bakarrik, 3.000 lagun dagoz antolatuta.

Kongoko Errepublika Demokratikoan, hasiera batean, egundoko ikara, etsipena eta bildurra sentitu ebezan, ondo antolatutako osasun-zerbitzuak dabezan Europa eta Amerikan birusak hainbeste heriotza eragin ebazala-eta. Konfinamenduak be es eutsen oinik egin, jente gehiena egunean bizi dalako eta jarduera barik, Sor Virgine Lazadiek Kanseniako ospitaletik dinoanez, “koronabirusaz ez ezik, gosez hilgo gara. Konfinamenduaren eraginez, dana garestitu zan, 25 kgko urun-zakuak 50 dolar balio ebazan eta, egundoko hondamendia ekarri eban horrek, miseria eta etsipena gehitzeaz gainera. Beste alde batetik, bada gaixotasun honetan sinisten ez dauanik be eta horeen ustez gobernuaren asmakizuna da dirua osteko. Sentimentu nahasiak dabez, beraz”.

Bizitza osoa Kongoko Errepublika Demokratikoan Misinoari eskaini deutsan Maribe Bengoetxea Berrizko mesedetako misiolari bizkaitarrak egoera honen inguruan hausnartu dau: “hainbat irakaspen atara behar dogu gertaera honetatik. Agintariek be, nire ustez, atara beharko leukiez, batzuek behintzat, ez danek, kontua, orain, gizadia, pertsonak, danok aldatzea da-eta. Bata ala bestea egiten ari, aldatu egin behar dogu eta holan aldaketa segurua izango da. Baina, bai, nire ustez gertaera honek hainbat kontzientzia astindu dau eta hori ez da ona”.