Kapera honen eraketa bultzatu ebenen eretxiz, funtsezkoa da urian leku bat zabalik izatea eguneko edozein ordutan otoitz egiteko. Ekimen honen sustatzaileek txostena aurkeztu eutsen On Ricardo Blazquez gotzainari eta honek, Valladolidera lekualdatzearen bezperetan, harrera ona egin eutsan proposamenari. Gero, On Mario Izetak hartu eban lekukoa “benetan gogotsu eta, egia esan, proposamenaren bultzatzailea bera izan dala esan daikegu”, Antonio Girbau koordinatzailearen hitzetan.
Bete barri dan hamargarren urteurren honen inguruan, Girbauk esker ona adierazi gura deutse “Jauna gurtzeko konpromisoa zintzo beteten daben pertsonei, etenbarik otoitz eginez eta, holan, kapera honi zabalik eutsiz”. Konfinamendua indarrean egoanean itxi egin behar izan eben kapera eta ekainaren 29an zabaldu zan barriro, erabarrituta. Girbauk azaldu ebanez, itxita egon zan aldian, “lanak egin ziran, osasun baldintza bikainetan egon daiten”.
Gaur egun, 385 lagunek parte hartzen dabe ohiko txandetan eta, pandemiari aurre egiteko ezarritako etxeratze-aginduaren eraginez jarri diran “aparteko” txandetan. Azaltzen dabenez, txandak betetea “eta bere denporaren zati bat, ordubete, Jaunari eskaintzeko konpromisoa hartzeko prest dagoan jente barria aurkitzea” da erronka nagusia. Nahiko zaila da goizaldeko txandetarako jentea aurkitzea, nahiz eta, orain lez, aparteko beharrizanen bat agertu ezkero, jenteak duda barik eskaini dau bere burua. Beste hainbeste gertatu da lekua jagoteaz arduratzen dan segurtasun-guarda ordaintzeko zein osasunerako ezinbesteko izan dan aireztatze-sistema egokitzeko egin diran lanetarako dirua behar izan danean. Girbauk esker onez adierazi dauanez, “jentea eskuzabala da eta arazo barik egin izan dogu erabaritzea”.