Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Etzi ospatuko da pastoral kurtsoaren hasiera Bilboko Eleizbarrutian

created by Irailaren 22an ospatuko da jesuitek Indautxun daben pabiloian |
|   Komunikazinoa

Datorren eguaztenez, irailak 22, Bilboko Eleizbarrutiak hasiera ofiziala emongo deutso pastoral ekiturteari jesuitek Indautxun daben pabiloian ospatuko dan ‘Goazen 2021’ ekitaldiagaz. Berrehun eta laurogei lagunek emon dabe izena eta, ondorioz, leku guztiak beteta dagoz, indarrean diran osasun-neurriak betez. Web orrialde honetan zuzenean jarraitu ahal izango da ekitaldia eta bide honetatik jarraituko dabe, hain zuzen be taldean, Bizkaiko hainbat lekutatik, arratsaldeko seietatik aurrera. Goiburua, domekaz Caritas eta parrokien alde ospatuko dan kanpainan be erabiliko da: “Bat gara – Creamos comunidad”. Eta kartela, Pablo Sanaguano ekuadortar artistak egin dau eta irudi geometrikoa da, hainbat irudiz osatutakoa, Bizkaiko Eleizaren zerbitzu eta jardueren aniztasuna agertzera emoten daualarik.

Eleizbarrutiak gaur aurkeztuko dau jesuitek Indautxun daben pabiloian, On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala, egingo dan ekitaldian emongo daben bideoaren aurrerakina. ‘Etorkizuna Musikatan’ kulturarteko orkestrak girotuko dau saioa eta Gontzal Mendibil abeslariak. Salvador Pie i Ninot teologoak eta Cori Casanova Ekintza Katoliko Orokorreko Bartzelonako Artxidiozesiko presidenteak jardungo dabe.

Salvador Pie i Ninot 1964an egin zan abade eta doktoretza egin eban Teologian Erromako Pontifize Unibertsitate Gregorianoan. Blanquerna Fundazinoko presidente da 1981etik eta Ramon Llull Unibertsitatearen kide sortzailea eta idazkaria sortu zanetik. Vatikano II.a Kontzilioari buruzko Biltzarreko Batzorde Zientifikoko kide izan zan (1995-2000) eta Aita Santuak “Jainkoaren Hitza Elizaren bizitza eta misinoan” gaiari buruzko Gotzainen Sinodorako aditu izendatu eban (2008).

Dori Casanova lizentziatua da medikuntzan, foniatra eta irakasle Ramon Llull Unibertsitatean. Ekintza Katoliko Orokorreko Bartzelonako Artxidiozesiko presidente.

Diru-batzea parrokien eta Caritasen alde asteburuan

Kanpainarako irudian Eleizaren eta gizartearen eredu poliedrikoa aukeratu da, Frantzisko Aita Santuak Evangelii gaudium entziklikan aurkezten deuskuna (236): pertsona guztiak irudikatua dagoz eta orekaz lotzen dau desbardintasuna.

“Eredua ez da esfera, zatien gainetik ez dagoana, puntu bakotxa distantziakide da erditik eta ez dago batzuen eta besteen arteko alderik. Eredua poliedroa da, bere originaltasunari eusten deutsen partzialtasun guzien bateratzea islatzen duena”, aitatzen da kartela osatzeko aukeratutako testuan.

Kanpaina hau aukera ona da kristau alkartearentzat bere nortasuna eta egiten dauan lana sendotzeko, Bizkaiko Eleizan dagoan konpromisoa eta aberastasuna agertzera emonez. Bizkaiko Caritasen eta parrokien aldeko kanpaina da eta dei egiten jake kristau alkarteei iragarpenaren, ospakizunaren, zerbitzuaren eta alkartasunaren arloetan jarduten daben pertsonen eta taldeen bialketa ospatzeko eta poliedroa osatzeko, askotariko errealitateak jasoten dabezan irudi edo testuez baliatuz.

Honeek dira kanpainako lagungarrien eta ekintzen helburu nagusiak: “egiten doguna batera jarri, lekukotasuna emon, parrokia bizitzan parte hartzen daben eragile guztiak agertzera emon eta euren lana eskertu eta alkartean sentiberatasuna biztu pozaren, itxaropenaren, gertutasunaren eta batasunaren balioen inguruan, ondasunak banatuz gizarte batuago, zuzenago, solidarioagoa egiteko konpromisoa hartzera bultzatzeaz batera”.

Gainera, irailaren 26an, Etorkin eta Errefuxiatuaren Munduko Eguna ospatuko da, “Danak barne hartuko dituan gu eratuz” goiburuaren haritik, Bizkaiko Eleizaren alderdi abegitsua, ezinbesteko dana, sendotzeko.

'Emoiguzu bihotza', Pablo Sanaguanorena