Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

"Etorkina etxean jasoteak aberastu egin gaitu familia lez"

created by Begoña Frutos, Kristau Bizitzarako komunidadeetakoa |
|   Komunikazinoa

Begoña Frutos CVX kristau komunidadeko kideak Jesusen Lagunditik ‘Abegia’ kanpainan parte hartzeko proposamena jaso ebanean, bere burua familia harreragile lez eskaintzea onartu eban. Madi Gambiatik Bilbora heldu zan 2016an eta Ellacuria Fundazinoak hemengo familia batean bizitzeko aukera eskaini eutsanean, onartu egin eban. Lau hilebetez bizi izan dira alkarregaz eta esperientzia honen ostean senide arteko hartu-emonari eusten deutse. Alkarregaz igaro dabez Gabonak.

Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzaren eskutik, Eleizak bihar ospatuko dauan Etorkin eta Errefuxiatuaren Munduko Egunaren inguruan antolatutako mahai-inguruan parte hartu eben Madi eta Begoñak. SOS Arrazakeria erakundeak sortutako 'Bizilagunak' egitasmoko Zikguk be parte hartu eban.

Bost eta zortzi urteko umeak egokitu ziran bizkorren. “Egunez egun, hainbat gauza konpartituz bizi izan gara: otoizaldiak, otorduak, hurkoen gaixoaldiak… Esperientzia honek, danok aberastu gaitu”, adierazo dabe Begoña eta Madik.

Madi lanean izan da azken sei hilebeteetan, baina orain arazoak ditu bere dokumentazino-txartelagaz. “Ukatu egin deuste asilo politikoa, baina beste hiru urtez jarraitu egin behar dot, erroldatzea lortzeko”, dino berak.

Bilboko jentea abegitsua eta “oso ona” dala dino Madik. Hemen bizi dan denporaldian, ez dau bazterketarik sentitu. Begoñaren esanetan, harrerak “gauza batzuei uko egitea” badakar be, esperientzia guztiz positiboa da, horri esker, “zabaldu egin garalako eta familiak, handitzean, irabazi egin daualako; familia lez, uko egiten deutsazu hainbat gauzari, baina, trukean, familia irabazle ataraten da, handitu egiten dalako”.