Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Estibaliz Barron Gizakiako zuzendaria, 2020ko ‘Bilboko Ospetsu’

created by Alkartasunaren balioakaz erakutsitako konpromisoagaitik |
|   Komunikazinoa

“Bilboko Ospetsuak 2020” aukeratu dabez, hain zuzen be: Estibaliz Barron Pardo Gizakia Fundazinoko zuendaria; Fernando Canales Etxanobe sukaldaria; Itziar Lazkano Setien aktoresa eta Arantza Matias Gurrea merkataritzaren arloan ibilbide luzea dauana. Bilboko Udalak urtero emoten dauan sari honen bidez aparteko autortza eta omenaldia eskaini gura deutse COVID-19 birusak gogor astindu dituan lau arlotako ordezkariei: ahulezian dagozan pertsonak; gastronomia/ostalaritza; kultura eta merkataritza. Juan Mari Aburto alkatearen esanetan, “urte gatxa eta gogorra izan da maila guztietan eta hori 2020ko ‘Ospetsuen’ izendapenean be islatuta geratu daitela gura dogu”. Autortza honeen bakaketarako ekitaldia datorren otsailaren 8an egingo da. Bilboko Eleizbarrutiko Fundazinoko zuzendaria “hunkituta” dago sariagaz eta izendapenaren barri jaso ebanean, “shock egoeran” geratu zala autortu dau.

Estibaliz Barron ‘Bilboko Ospetsu’ izendatu dabe, “alkartasunaren balioakaz erakutsitako konpromisoagaitik eta Biloko gizon eta emakumerik ahulenei eskainitako laguntzagaitik”.

Ahulenen alde buru-belarri jardunez, udalbatzatik esan dabenez, “lankidetza estuan jardun izan dau Bilboko Udalagaz konfinamenduaren hilebeterik gogorrenetan, bizileku bakoen egoera arindu guran”.

Pandemia aldian eta, batez be etxean konfinatuta egon ginan lehenengo aldian, Gizakia Fundazinoak, Estibaliz Barron buru zala, adore eta irmotasunez jardun izan dau lehen lerroan, unitate mugikorrean, aldi horretan hainbat eremutan konfinatuta egozan bizileku bako pertsonen beharrizanei erantzunez. Abstinentzia-sindromea eben pertsonei edo buruko hainbat patologiaren eraginez desorekatuta egozanei arreta eskaini eutsien.

Web orrialde honi eskaini eutsan alkarrizketa batean, Estibaliz Barron arduratuta agertu zan ‘biharamunagaz’; eta heldu da ‘biharamun’ hori eta hainbat aldetatik erantzuten dihardue, “egunsentitik gauera arte”, unitate mugikor bategaz. Gizakia Fundazinoko zuzendariak “lehen lerroan” dihardu egun honeetan, unitate mugikor batean (tartean hainbat profesional dago: sendagilea, erizaina, psikologo klinikoa –bera- eta hezitzailea). Bizilekurik ez daben pertsona horreek berrogeta hamar lagunez osatutako taldeetan banatuta eta konfinatuta dagoz hainbat lekutan (polikiroldegiak, e.a.) eta eurei laguntzen ari dira. Taldeak egoera baloratu eta larrialdiak artatzen dabez. Barronen esanetan, “batzuek abstinentzia-sindromea dabe eta badira, buruko patologien eraginez, erabat desorekatuta dagozanak be. Inguruabarrak ikusita, eskaini deikiegun egoerarik onenean dagoz”. Dana dala, egoera gatxa dala dino, izan be, orokorrean gizartean be gatxa bada, pertsona honeen kasuan beste faktore negatibo bi gehitu behar dira gitxienez: euren etxeetan ez dagozala eta makina bat arazo dabela.

Datu biografikoak

Bilbon jaio zan 1963an, Indautxu auzoan, alondegiaren (gaur egun Azkuna Zentroa) parean eta zahatotegi ziranen gainean, Bilbon bizi eta lan egin izan dau eta ezkondu zanetik Bilboko Alde Zaharrean bizi da orain.

Karmeldarren ikastetxean ikasi ondoren, Psikologian lizentziatu zan Deustuko Unibertsitatean eta, ondoren, Buruko Osasun eta Teknika Psikoterapeuteikoetan eta Talde Psikoterapia Analitikan Masterra egin eban unibertsitate berean. Aldi horretan klinikan espezialista lez prestatu zan Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetan.

Ibilbide profesionalari dagokionez, batez be gizarte arloan jardun izan dau, gehien bat mendetasunen arloan. Boluntario lez hasi zan Gizakia Fundazinoan, 1994an profesionalen taldean sartu zan arte. Jokaera arriskutsuak ebezan gaztetxoen arretarako egitaraua koordinatu eban 1999ra arte eta orduan erakundeko zuzendari izendatu eben eta kargu horretan dago gaur egun be.

Txistularia be bada eta Txistuaren Udal Akademian ikasi eban, Santamaria kaleko Mugika eskoletan egoanean eta “Boni” (Bonifacio Fernandez Ortiz txistularia) izan zan irakasleetako bat.