Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Eskerrik asko nire bizitzaren historian parte hartzen dozuen guztioi”

created by Roberto Vidal Failde, Bilboko Eleizbarrutiko diakono barriak: |
|   Komunikazinoa

On Mario Izeta Burgoseko Artzapezpiku hautatu eta Bilboko Eleizbarrutiko Administratzaile Apostolikoa buru zala ospatu zan atzo, azaroak 15, Bilboko Santiago katedralean, Roberto Vidal Failderen diakonogintza. On Mario Izeta gotzainagaz batera, On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain laguntzaileak, Felix Alonso bikario nagusiak, katedraleko kapituluko kideek, eta eleizbarrutiko hainbat abade, fraile eta diakonok parte hartu eben eleizkizunean. Irudiak: hemen. Ospakizuna osorik: hemen.

Diakonotzarako hautagaien heziketarako taldea zuzentzen dauan Felix Alonso bikario nagusiak aurkeztu eban Vidal eta bere berben ostean On Mario Izetak homiliari hasiera emon eutsan bezperan, Bilbon, bat-batean hiz zan Angel Mari Unzueta bikario nagusi ohiaren gomuta eginez. On Mario Izeta gotzainak ahotan izan eban, gainera, atzo, “eskua luzatu – tender la mano” goiburuaren haritik ospatu zan Pobreen Munduko Eguna be eta, besteak beste, hauxe esan eban: “orain pandemiagaz alkarri eskua emoterik ez badogu be, diakono izan behar dogu behar gaituanarentzat, pobreentzat”. On Mario Izeta gotzainak autortu ebanez, ikaragarrizko pobretasunak dagoz, izugarriak: goseteen eraginez txikitutako herrialdeak, kalean hara eta hona, noraezean dabiltzan umeak… “Gure artean be, hilaren azkenera heltzeko ahaleginak eta bi egin behar dabezan pertsonak dagoz, edo heltzen ez diranak, Caritasera joan behar dabenak, lan barik geratu diranak, bakarrik dagozan pertsona nagusiak, gaixoak… Baina euren barruan horreek baino pobretasun lazgarriagoak jasaten dabezan pertsonak be ugariak dira, hau da, maitasunik eza, errukirik eza, bihotz-gogortasuna, harrokeria, norbere burua nahiko dala pentsatzea… eta, halko batean, zomorro nano bat etorri, koronabirusa etorri, eta mundu honetako ibiliak bat-batean amaitzen dira, apokalipsi liburuan esaten danez: ‘aberats zarala pentsatu eta ez zara konturatzen pobre zarana’". On Mario Izeta gotzainak nabarmendu ebanez, diakonoak bostekoa emon eta pertsonen oinetara jarri eta zerbitzari egiten da pobretasun material eta espiritual sozial eta psikologikoei aurre egiteko. Azkenean esan ebanez, “danok izango ahal gara diakono alkarrentzat eta alkarren zerbitzua onartuko ahal dogu geure txikitasun eta behartasuna autortuz. Gaur eskerrak emon gura deutsaguz Jaunari Robertoren bizitzagaitik. Ziur nago zure ministerioak on handia egingo deutsala gure Eleizari, zure otoitz eta zerbitzu sena, dagoeneko hainbeste pobretasunetan garatu dozuna, orain sakramentu-bidez biziko dozu eta horregaitik grazia hau eskatzen deutsagu Jaunari zuretzat eta gure esker ona adierazoten deutsagu ordenazino hau onartu dauan eta aurrerantzean be ondoan izango dozun zure familiari”.

Robertoren esker ona

Ospakizunaren amaieran, Robertok bere esker ona adieratzo eutsen ”nire bizitzaren historian parte hartzen dozuen guztioi, batzuk hemen zagoze gaur edo ospakizuna internet bidez jarraitzen. Eskerrik asko On Mario eta On Josebari euren hurkotasun eta konfiantzagaitik. Eskerrik asko gurasoei, bizia emoteagaitik, zaintzeagaitik, eta nire ondoan egoteagaitik baldintza barik bizitzan hartu izan dodazan erabagi guztietan. Eskerrik asko Marijeri nire bizilagun izatea aukeratzeagaitik, nazan moduan maitatzeagaitik, erabagi garrantzitsuetan neugaz bat egiteagaitik. Eskerrik asko Janet eta Iruneri, egunero, eragozpenak gainditu eta hobeak izaten zarielako, niretzat eredu bihurtuz, bizitzeko grina eta poztasuna erakusten deustazuelako. Zuoi esker ulertzen eta sentitzen dot hobeto Aita dan Jainkoa”.

Eskerrak emon eutsezan, baita be, “bizitzako hainbat alditan lagundu deustazuen abadeoi: Jose Alberto Guemes, Iñaki Etxezarraga, Jerry, Pepe Moreno; San Gabriel Goiaingerua (Masustegi), Arrosarioko Andra Mari (Errekalde), San Joan Bateatzailea (Basozelai-Basauri), San Joan Bateatzailea (Sondika) alkarteei; Kartzela Pastoraltzari, Bidesariri eta kartzelan ezagutu dodan hainbeste laguni, zuoi esker ezagutu dodalako, sekula, ezta ziegako gau ilunean be, bertan behera izten ez gaituan Jainkoa. Eskerrik asko Osasun Pastoraltzari eta gaixoei, lagun egiten izteagaitik, zuon ondoan sakontasun handiagoz sinistu ahal izan dodalako bizi bakar bat be betirako galtzen izten ez dauan Jainkoa. Eskerrik asko Kristau Profesionalen Mobimentuari, misinoan bat egiteko, lana eta lanbidea mundu anaikorragoa eraikitzeko tresna pribilegiatu dala ikusarazteko alkarte izateagaitik”.

Eskerrak emon eutsezan gure Eleizbarrutiko laikoei be: “nire kide zarienoi, zuok irakatsi deustazuelako Eleiza izaten aniztasunezko alkartasunean; Abade-etxeetako langile eta bertan bizi zarien abadeoi, ikasten ari dan zuzendari honi erakutsitako maitasun eta pazientziagaitik eta nire bizitzako funtsezko aldi batean, pertsona, herritar eta sinistedun lez Seminarioan hazten lagundu eustazuenoi: Kerman Lopez, Angel Mari Unzueta eta Jose Luis Achotegi. Eskerrik asko nire anai diakonoei, prozesu osoan bidelagun izateagaitik, nire ispilu izateagaitik eta zuon anai lez onartzeagaitik. Eskerrik asko bihotz-bihotzetik!”.

“Agur Jesusen Ama” abestuz emon eutsen amaiera ospakizunari.