Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eskautek ekimen barri eta “burutsuak” prestatzen dihardue etorkizunerako

|   Komunikazinoa

Bizkaiko eskaut taldeek telematikoki eutsi deutse jarduerari alarma-egoeran eta hainbat jarduera prestatzen eta egokitzen dihardue etorkizunari begira. Hilebete bi honeetan, Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentua osatzen daben 28 taldeek jarduerak garatzen jarraitu dabe era telematikoan. Era berean, sare sozialetan, taldeek makina bat ekimen aurkeztu dabe on-line. Jarduera guztietan parte hartu dabe begiraleek, gazteek, familiek eta begirale ohiek taldeko hainbat lagunek. Besteak beste, ipuinak kontatu dabez, kontzertuak emon dabez zuzenean, tutorialak, sukaldari-lehiaketak egin dabez, e.a. Jentearen artean arrakasta gehien izan dauan jardueretako bat hauxe izan da: erronkak aurkeztu trebetasun barriak antzemateko eta bakotxa ze lortzeko gauza dan erakusteko.

Eskaut mobimentuak ez ditu bere jarduerak eten eta Aste Santuan be aktibo jarraitu dabe jaiegunetan egin dabezan kanpamentu birtualekin. Taldeetako neska-mutilak irrikatzen egozan egun horreek noiz helduko eta kanpamentuetako presentzia birtuala guztiz arrakastatsua izan zan. Era telematikoan parte hartu eben neska-mutilek ohiko kanpamentuko ohiko konpromisoei eutsi eutsien: ordutegi jakin bat, egunari alkarrekin gosalduz hasiera emon, ondoren begiraleek gidatutako jarduerak egin eta baita zakuan lo egin be. Esperientzia guztiz positiboa izan zan Ezkerraldetik, hain zuzen be Urbegi (Santurtzi) eta Amalur (Portugalete) taldeek, bultzatu eben hau. Jarduera ludiko honeez gainera, eskaut taldeek batzar telematikoak egin dabez neska-mutilekin, barruko antolaketa-lanak egin dabez eta begiraleak be batzartu izan dira.