Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Erromesaldi ‘murriztua’ Lourdesera

created by Bihar, goizeko 9:00etan, meza zuzenean: www.lourdes-france.org |
|   Komunikazinoa

Aurton bizi doguzan inguruabar berezien eraginez, jarduera gehienak neurri handi ala txikian aldatzea egokitu jaku eta asko eta asko bertan behera itzi behar izan dogu. Urriko egun honeetan, azken hamarkadetan, Eleizbarrutitik erromesaldia egiten da Lourdesera eta aurtengo ekitaldiari be eutsi egin jako, baina guztiz desbardina izango da. On Mario Izeta Burgoseko artzapezpiku izendatu barri eta gure Eleizbarrutiko gotzain administratzaile apostolikoa buru dala, hogeta hamar lagun inguru atarako da gaur, barikua, Lourdeserantz, domekaz bueltatzeko asmoagaz. On Mario Izeta gotzain administratzaile apostolikoak eutsi egin gura izan deutso Lourdeserako bidaiari eta hara joango dira bera, abadegai batzuk eta Lourdeseko bizkaitar hospitalitateko hainbat kide. On Mario Izeta gotzain administratzaile apostoliko buru izango da bihar goizeko bederatzietan haitzuloan ospatuko dan mezan. Eleizkizuna zuzenean jarraitu ahal izango da www.lourdes-france.org web orrialdetik.

Lourdeseko santutegia itxita egon zan konfinamentuan; ondoren, jentea hasi zan joaten, baina talde txikietan eta oraindik ez da Europako hainbat lekutatik joaten zan erromesaldi jentetsurik ospatu. Pablo Garamendi Lourdesko bizkaitar hospitalitateko hemengo eta estatuko presidenteak eskerrak emon deutsaz “On Mariori, beti agertu da-eta hospitalitateari laguntzeko prest”. Bere esanetan, bihar On Mario Izeta buru dala haitzuloan ospatuko dan Eukaristia “On Mariok hospitalitatearen eskutik ospatuko dauan azkena izango da, bere agurra”, abenduaren 5ean Burgoseko artzapezpiku karguaz jabetuko da-eta.

Gure Eleizbarrutitik urtero Lourdesera joaten dan taldean ehunka lagun (2019an, 600 inguru, gaixo, boluntario eta erromes). Garamendik azaltzen dauanez, aurton, “zuhurtziaz jokatu behar dogu” eta ez da holako bidaia jentetsurik antolatu. Bilboko Eleizbarrutian, 1958an, Santa Bernardettek bizi izandako agerpenen mendeurreenan, hasi ziran erromesaldia erregulartasunez egiten, Erromesaldietarako Eleizbarrutiko Batzordeak sustatuta. Harrezkero, tradizino handiko jarduera da gure Eleizbarrutian. 1983an, Lourdesko Ama Bizkaitar Hospitalitatea fededunen alkarteak bere gain hartu eban erromesaldiaren antolaketaren ardura. Gotzainek bete egin izan dabe bat erromesaldiagaz.

On Mario Izeta gotzaina haitzuloan Eukaristia ospatuz aurreko ekitaldi batean