Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Era askotako jarduerak asteburuan: topaketak, erretiroa, heziketa-saioak…

|   Komunikazinoa

“Misinoaren espiritualtasuna” goiburua ardaztzat hartuta, berrogeta hamar lagun inguruk parte hartu eban joan dan zapatuz, urtarrilak 12, Berrizko Mesedetako Misiolariek entolatu eben saioan, Joseba Segura bikario nagusia gidari-lanetan zala. Egun berean, beste heziketa-saio bat be izan zan, kasu honetan “entzute-sarearen” ekimenez eta atzo Bizkaiko afrikar alkarte katolikoak, joan dan urrian lantalde bihurtu ostean, topaketa egin eban.

Berrizen ospatu zan jardunaldi/tailerraren helburu nagusia, antolatzaileek azaldu dabenez, misinoaren espiritualtasunaren inguruan hausnartzea izan zan, besteak beste, “misinoak Jainkoaz dogun esperientzia aldatu egiten” dauala ikusteko. Goizean, lehenengo eta behin, Joseba Segurak “Ad gentes” misiolari espiritualtasunaren ezaugarriak –alderdi positiboak eta hainbat kritika- aurkeztu ebazan eta hainbat esperientzia batera jarri zan. Ondoren, “gaur egungo misiolari espiritualtasunerako giltzak” gaiaren inguruan jardun eban. Arratsaldez, esperientzien mahaia garatu zan hogeta hamalau urtez Ruandan misiolari izan dan Dina Martinez ‘Vita et Pax’ institutu sekularreko kidearen eta Perun misiolari lez egon dan Fermin Ibañez laikoaren partaidetzagaz. Dinarentzat, misinoa balio eta esperientzien trukea da eta espiritualtasuna “askapen, poztasun eta batasun” dan Jainkoaren esperientzia. Hogeta bost urtegaz joan zan Ruandara; bertan, osasunaren munduan jardun eban, gertutik bizi izan eban 1994ko gerra eta egoera benetan latzak bizi izan ebazan, esate baterako 9 monja lagunen heriotza. Beste alde batetik, hezkuntzaren arloan misiolari, familiako guraso eta Mesedetakoen ikastetxe batean erlejinoko irakasle dan Ferminek ibilbide luzea dau gizarte konpromisoari (boluntario VIHa daben gaixoakaz, ‘tío Raimundo’ putzua…) dagokionez. Berrizko Mesedetakoen espiritualtasunak erakarri egin eban Fermin eta Perun misiolari esperientzia labur bat bizi izan eban 14 urteko alabagaz. Aita-alabak euren esperientziaren barri emon eben Berrizko topaketan.

Entzute-sarea

2016an jarri zan martxan ekimen hau. Boluntarioen talde batek lagun egiten deutse une gatxak pasatzen ari diran beste batzuei. Zapatuz heziketarako saioa izan eben Lagungoko kide dan Rosa Martinezen eskutik eta “doluan zelan lagun egin” aztertu eben.

Saio hori, eleizbarrutiak suspertzen dauan ‘bai esan!’ entzute-sareko boluntarioen bigarren promozinokoei zuzendutako hirugarrena izan zan.

‘Bai esan!’, besteak entzutea esku-hartzeko ereduaz baliatuz, hurkotasun eta baterako lanetik, bizitzan une gatxak (bakardadea, gizarte-sarerik eza, krisia, migrazinoa, dolua, personen zainketa, helduarora igarotea…) bizi dabezan personek ezinbestekoa daben entzutea eskaintzeko prest dagozan erakundeen (Bilboko Eleizbarrutia, Lagungo, San Juan de Dios, Caritas) sarea da eta aitatutako persona horreen zerbitzura jarten ditu bere bitarteko eta egitasmoak. Prestatuta dagozan, entzuteko gaitasuna eta karisma daben, besteei entzuteko gitxienez ordu bi emoteko prest dagozan eta aitatutako erakundeetako baten sareari atxikita dagozan boluntarioak dira sarearen euskarri nagusiak.

Alkarte katoliko afrikarra

Alkarte honetako kideak Barrian (Plaza Barria, 4. Bilbao) batu ziran atzo. Taldeka banatuta eta tailer erako dinamiken bitartez, hainbat gairen inguruan jardun eben besteak beste, partaideek euren fedea bizitzeko izaten dabezan zailtasun eta aukerak antzemateko eta “zein norabide hartu gura daben ikusteko, proposatutako ekintzak, aurkeztutako kezkei erantzuteko baliagarri izan eitezan”. Begoña Mera Migrazinoetarako Pastoraltzaren arduradunak koordinatzen dau alkarte afrikarra eta Kongoko, Ginea Ekuatoreko, Togoko, Kenyako edo Kameruneko abadeez, lekaideez, lekaimeez eta laikoez osatuta dago.

Topaketa zapatuz Barnezabalen (Berriz)