"Gaur goizean Ama Mariarengana gatoz Jainko Aitaren moduan errukitsu izaten erakutsi deiskun", esan dau gotzainak gaur eguerdiz Bilbon egin dan ospakizunean. Katedrala jentez ganezka egon da eta ospakizunean Katedraleko Kaperako Abesbatzak hartu dau parte.
Bilboko Eleizbarrutian, Frantzisko Aita Santuak atera dauan Misericordiae Vultus Buldan eta Errukiaren Jubileu Berezia dala-eta parkamena emoteko idatzi dauan gutunean jasoten danagaz bat, goian aitatutako DEKRETUAN, jubileu tenplu biak izendatzeaz gainera, beste hau be jasoten da: gaur, abenduaren 13an (Abendu aldiko III. domekea), eleiza katedraleko Ate Santua zabaldu daitela eta, aldi berean, hasiera emon dakiola Jubileu Urteari Begoñako Santutegian.
Aita Santuaren bedeinkapena
Erromatar Erritualak jasoten dauanez, Gotzainak bere Eleizbarrutian, edo zuzenbidez eleizbarrutietako gotzainakaz parekatutako artzainek, aita santuaren bedeinkapena, parkamen osoa barru, emoteko ahalmena dabe, hiru urtean behin berak aukeratutako ospakizun nagusietan, zirkunstantzia horretarako beren-beregi prestatutako erritoa erabiliz.
Frantzisko Aita Santuak, Errukiaren Urte Santua dala-eta, Aita Santuaren Bedeinkapena lehen aitatutako hiru aldiez ganera beste aldi bitan emoteko aukerea emon deutse munduko gotzain guztiei: lehenengo aukera hori, abenduaren 13an lekuko Eleizetan Urte Santuari hasierea emongo jakon ospakizunaren amaieran da eta bigarrena, 2016.eko azaroaren 13an lekuko Eleizetan Jubileuari amaierea emoteko ospatuko dan eleizkizunaren amaieran.
Gotzainen pastoral idazkia
Euskal Herriko eta Nafarroako gotzainek alkarregaz idatzi izan daben azken pastoral idazkian –“Bihotz errukitsua”- gai honen inguruan jardun eben eta aldi honetarako otoitz, hausnarketa eta konpromisorako proposatu eben. Pastoral idazkian inoenez: “Jainkoaren errukiaren adierazpena Ituna da, Jainkoak berak beti leial beteko duena, nahiz eta herriaren desleialtasunak etengabeak izan. (…) Itun hau dohaina eta grazia da, batez ere etsipenezko eta heriotzazko uneetan. Horra hor errukia hitzaren sorburua: Giza miseriara bihurtzen den bihotza, gizakia besarkatzen eta hauskortasunetik, barneko hondamenditik eta bekatutik askatzen duen eta berriz ere Itunera itzularazten duen Jainkoaren bihotza. Hain zuzen ere, desleialtasunaren eta sufrimenduaren aurrean jadesten du bere esanahi sakona errukia hitzak. Jainkoaren leialtasuna bere ibilian zauritua eta eraitsia izan dena salbatzera ateratzen da. Errukia gupidatik haratago doa: eraginkorra da, irteera da, amaigabeko bilaketa da salbatzeko, sendatzeko, suspertzeko, bizkortzeko” (5. zenb.).