Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eliza aberatsetan munduko pobreziak dituan eraginak nabarmendu ditu Javier Vitoriak

|   Komunikazinoa

“Pobreziaren hondamena” kanpainaren azkena dan astea garatzeko aukeratu izan dan Indautxuko Karmengo Ama parrokiako areto nagusia bete eben entzuleen irribarre eta konplizitatea eragin ebazan probokazino eta ironiaz betetako berariazko diskurtsoaz, Javier Vitoria teologo eta elizbarrutiko abadeak “Pobrezia munduan eta Eliza salbamenezko sakramentu” gaia jorratu eban, beretzat probokazino bedeinkatua dan diskurtso bat abiapuntutzat hartuz. Diskurtso hori, hain zuzen ere, Joan Paulo II.arena da eta 1990. urtean Afrikara egin eban bisitan eskeini eban, honako itauna eginez: zelan epaituko ete dau Historiak planetako biztanleria osoa elikatzeko baliabide guztiak dituan eta bere burua zuritzeko itsukeria fratrizidaren aitzakia jarten dauan belaunaldia?

     Maite Valdivieso Langile Pastoraltzako Idazkaritzako zuzendariak hirugarren jardunaldia aurkeztu ondoren, Vitoriak zalantzan jarri eban Elizako hierarkia gorenen egitekoa: “diskurtsoak baino zerbait gehiago egin daikegu, pobreek itxaroten jarraitu ez dagien. Ez ete dira harrigarriak, eta errespetu osoz dinot, Vatikanoko eukaristia inperialak non Aita Santuak bakarrik aberatsek jantzi daikeezan erropekin jantzitako munduko jauntxoen ordezkariei komuninoa emoten deutsen? Hirugarren Milurtekoaren atarian, Jesukristogan denporea berez betierekoa dan Jaungoikoaren alderdi bihurtzen dala gogoratu eban Joan Paulo II.ak. Berba ederrak, baina, ze kontsolamendu eta itxaropen dakartsee berbok sasoi bihozgabe honetako biktimei?, zer kontsolamendu dakartse denporea Jaungoikoaren alderdia dala jakiteak?”.
     Gizon eta emakume batzuek bizia muga barik emoten daben misiolari erakundeak oroituz eta autortuz, argi itzi nahi izan eban bere berbaldia ez zala, nahiz eta une batzuetan hori iruditu, ideia aurrerakoiago edo atzerakoiagoez kutsatutako teologoaren lasaitua. Baina bai aldarrikatu ebala Jesus kurutziltzatuaren benetako espiritura bueltatzea: “Jesusek, lehenengo eta behin, oinazeak jotako giza bizitzei begiratu eutsen; Jesus sufritzen dabenen borondatearen menpe dago beti eta Elizeak ezin dau hori ahaztu, gure jokaeren kritikarako oinarritzat hartu baino”.
     XXI. mendeko gizartea ohartarazi eban, gure sasoiko gaitzik benetakoen eta haundienari buruz: merkatu lehiakorraren erritmoez markatutako gizartean, erosterik edo kontsumitzerik ez dabenak ahaztu egiten dituan gizartean, ikusteko gauza ez garala, ebanjelioaren bihotzaz begiratzeko gauza ez garala eta bihotzaz begiratzen ikasi behar dogula, “horrela, merkatua biktimak sortzen dituan sasi-jainko bihurtu dala ikusiko dogulako eta kristau jarreratik gehien aldentzen dana ezin dala ezer egin esatea dalako. Itxaropenean lan egin behar dogu, bihotzaren begiez ikusiko dogulako gizakiaren egia besteekin eta besteentzat izatea dala. Helburu hori lortzeko dogu kristinauok indar espirituala”.
     Amaitzeko, gizarteak alkartasun jarduera batzuk bultzatu behar dituala esan eban Vitoriak, eta hiru arlotan gauzatu behar dala alkartasun hori: hezkuntzan, politikan eta ekonomian. Hezkuntzan, ikasleak alkartasunari dagokionez hiru helbururekin trebatuz: itxaropena, begirada eta erruki samariarra. Politikan, Hirugarren Munduagazko politika humanistiko solidarioak garatuz eta ekonomian, ekonomia alternatiboa bilatuz, berak esan ebanez, “zorroztasun solidariorako planteamendurik egin barik ezinezkoa izango dalako txiroak holokaustotik salbatzea”.