Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eleizbarrutiko ehunka lagun bazkari solidarioan

created by Behartsuen aldeko II. eguna |
|   Komunikazinoa

Aurton, Eleizbarrutiko Alkartasun Zeinuaren jarduera nagusia Bilboko Begoñazki ikastolan ospatu da. Seiehun lagun inguruk parte hartu dau Behartsuen aldeko II. Egunaren inguruan, “GRITA POR LA JUSTICIA – GARRASI EGIN, GARTSU EKIN” goiburupean, antolatu diran ekintzetan. Hain zuzen be, justiziaren alde garrasi eginez emon deutse amaiera gaurko jardunaldiari.

Goizean goizetik ibili dira boluntarioak prestaketa-lanetan, eguerdiko 12:00etatik aurrera egin diran jarduera guztiak gertu izateko. Aldi berean garatu diran tailerretan, hainbat gai jorratu da, esate baterako: etxebizitza, laneko behin-behinekotasuna, bazterketa, askotariko gaitasunak, estereotipoak, emakumeen aurkako indarkeria, e.a… Honeen ostean egin da ekitaldi nagusia, hau da, bazkari solidarioa, gotzaina buru dala, kultura eta jatorri eta egoera desbardinetako jentea batu dauana. Zailtasunak dabezan personen gizarteratze eta laneratzea helburutzat dauan ‘Lapiko Catering’ etxea arduratu da otorduaz. Eleizbarrutiko bikaritza guztietatik etorritako jenteak eta Eleizaren hainbat erakundetako erabiltzaileek parte hartu dabe –guztira 600 lagun inguru.

Manu Moreno Karidade eta Zuzentasunerako eleizbarrutiko ordezkariak esan dauanez, Zeinu honegaz “garrasi egin gura dogu itxaropenaren alde baina ez gaur bakarrik. Gure Eleizbarrutiak, egunez egun, zuzentasunaren alde, txirotuen alde eta, azken batean, mundu hobearen alde garrasi egin daikela erakutsi gura dogu”.

“Behartsuak larritasunez garrasi egin eban eta entzun egin eutsan. Jainkoak beti entzuten dau eta badaki zer behar dogun”, esan dau Gotzainak, Idazteunak aitatuz. On Mario Izetaren esanetan, zuzentasuna, hau da, “Jainkoaren Erreinuaren presentzia gure artean”, hedatu behar dogu. Gaurko goiburua geure egiteko eskatu dau, “geure bihotzean gorde eta hausnartu daigula. Jainkoak entzuten gaituelako eta besteen sufrimentuak entzutera bialtzen”.