Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eleizbarrutian, San Isidrori eskainitako parrokia bi

created by Buyan (Bilbao) eta Derion |
|   Komunikazinoa

Bizkaiko nekazari inguruan jaiera handia deutse San Isidro Laborariari. Derio edo Ajangizen, esate baterako, zaindari dabe eta bere omenezko jaiak ospatzen dira. Beste hainbat lekutan, esate baterako Getxo edo Zeanurin, azokak eta ganadu-sariketak osatzen dabez. Bizkaian, parrokia bi dira santu honen izenpeko: Bilboko Buyakoa eta Deriokoa.

Gaurkoa da jairik garrantzitsuenetakoa nekazari eta abeltzainentzat. Eleizbarrutian, hainbat ermitako buru da eta nekazari inguruko eleiza gehienetan aurkitu daiteke santu laborariaren irudia.

Hainbat herritan, jai hau laborantza-kooperatibari-normalean bere izena daroa- lotuta egon izan da. Ohikoa zan santuaren irudi eta estandarteagaz prozesinoa egitea Derion, Elorrion, Etxebarrin, Galdamesen, Morgan, Muxikan, Orozkon, Zamudion eta Zeanurin, besteak beste. Gainera, Labayru Fundazinoaren etnografia-oharretan jasoten danez, garai batean errogatibak egiten ziran haren irudiagaz, “agorraldietan euria eskatzeko; soloak eta uztak bedeinkatzeko; landare eta artaburu gurien eskaintza egiteko. Zeanurin, sakristauak udabarriaren hasieran ereiten eban artoa, santuaren egunerako landareak artaburu guriak izan eizan”.