Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eleizbarruti arteko topaketa, Seminarioaren eguna dala-eta

|   Komunikazinoa

Bihar, abenduak 8, Sortze Garbiaren egunez, gure Eleizbarrutian Seminarioaren eguna ospatuko da. Abadegaiek eta hezitzaileek eleizbarruti arteko topaketan parte hartuko dabe gaur Aralarreko San Migelen. Ehun lagun inguru batuko dira.

Gaur egun, bederatzi abadegai dagoz Seminarioan eta gure eleizbarrutian abade ministerioa garatzeko prestatzen dihardue. Gotzainak, egun honetarako idatzi dauan mezuan, aurtengo goiburua aitatzen dau: “Ebanjelizatzaile gazteen artean”. Goiburu honek gogoratzen deuskunez –dino on Mario Izetak-, “abadetzarako bokazinoa ministerio apostolikoan txertatuta dago. Hain zuzen be, Jesusek dei egin eutsen hamabiei bere gertuko adiskide egiteko, bere salbamenezko ministeriora atxikitzeko eta bere izenean Jainkoaren Erreinuaren Barri Ona hots egitera eta agertzera emotera bialtzeko. Dei eta bialketa honek Kolegio apostolikoaren oinordekoen bidez iraun dau. Abadeak gotzainen lankide dira jarduera ebanjelizatzaile honetan; aukeratuak, deituak, gantzutuak eta bialduak izan dira euren misinoa garatzeko”

Gotzainak idazkian dinoanez, aurton batez be “gazteengan jarri gura dogu arreta, eurei eskaini jake-eta azken sinodoa, gazteei, fedeari eta bokazinoari buruzkoa. Gure gazteriak Jainkoa behar dau; egundoko idealez beteta dagoan gazteen bihotzak erantzunak eskatzen ditu galderarik sakonenentzat. Era berean, bidelagunak eta euskarriak behar dabez biderako. Horregaitik abadea, apostolu, ebanjelizatzaile izan daiteke gazteen artean, bialdu, zerbitzari, gazteen aldeko zerbitzua, entzutea, biderapena, adorea, kontsolamendua eskaintzen dauana”. Gotzainak aurrerago dinoanez, “abadeak gazteen artean dauan agerpen hori da, aldi berean, euren bokazinoaren inguruko galdera biztuko dauana. Hainbeste abaderen eskaintza eta zerbitzuzko bizitza ikusita, gazteek be galdetu ahal izango deutse euren buruari ia dei hori entzun daben, eta bihotz-zabaltasunez erantzuteko gauza izango dira”.

Seminarioak aldaketaren bat edo beste sartu dau aurtengo pastoral ekiturterako; esate baterako bokazinoen aldeko domeketako eleizkizunak, orain arte katedralean ospatzen ziranak, aurrerantzean Eleizbarrutiko hainbat lekutan egingo dira, izan ere, Aitor Uribelarrea errektorean adierazo dauanez, “Seminarioa leku gehiagotara iristea gura dogu”.

Eleizbarrutiko Seminarioaren eta bere egunaren inguruan gehiago jakiteko aukera, hemen.