Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eleiz Museoa, ‘Open House’ jardueraren aurtengo ekitaldi “berezian”

created by Asteburu honetan |
|   Komunikazinoa

Open House 1992an Londresen sortu zan nazinoarteko arkitektura eta urigintza jaialdia mundu osoko 40 uri ingurutan garatzen da. Bilbon, laugarren ekitaldia ospatuko da aurton, hain zizen be datorren asteburuan –urriak 24 eta 25- eta formatu berezian, bizi dogun egoerara moldatuz. Holan, osasun eta prebentzino neurri guztiak bete ahal izateko, edozein jardueratan parte hartzeko edo edozein eraikin bisitatzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izen-emotea web orrialde honetan. https://www.openhousebilbao.org. Eleiz Museoa da ekitaldi honetan bisitatu ahal izango dan eraikinetako bat. Honetan datza bisitaldia: ate nagusitik sartu, klaustroa, gangen aretoa eta eskailera eta lehenengo eta bigarren solairuko aretoak bisitatu.

Eleiz Museoak bere ateak zabalduko ditu, nazinoarteko ekimen honen bidez, bisitariek Bilbon gordeten dan komentu bateko klaustro bakarra, hain zuzen be Gizakundea komentukoa, eta 1995an zabaldu zan museo interesgarri honetako instalazinoak ezagutu daiezan.

Bisita gidatuak 26 eremu aitagarritara gidari boluntarioen eskutik

2017tik aurrera, urtean asteburu batez, Bilbaok bere ateak zabaltzen ditu, bere arkitektura eta urbanismoaren bidez uriko hainbat leku ezagutzera emoteko. “Kaleak biziz bete” da ‘Open House Bilbao’ jardueraren laugarren ekitaldiaren goiburua eta “Open” kategoriaren barruan sartzen diran 21 eraikinez (Udaletxea, Arriaga, Bidebarrieta liburutegia, Filarmonika, Euskalduna, Miribilla pabiloia, Arte Ederren Museoa…) gainera, berebiziko garrantzia emongo jake kaleen, parkeen eta plazen (Campo Volantin, Gran Via, Nasa, Doña Casilda parkea, Iturrizar eta Abandoibarra) eginkizunari. Uriko naturari, trenari, nabigazinoari, bizikletaren erabilerari lotutako paseo didaktikoak, familiei zuzendutako tailerrak, argazki-lehiaketa, e.a., ere garatuko dira.

Argazki-lehiaketa

Aurreko ekitaldietan lez, ‘Open House Bilbao 2020’ ekitaldi honetan be argazki-lehiaketa egingo da Instagram #Opengram dalakoaren bidez. Partaide bakotxak, bere argazkien bidez, bere ikuspuntua eskaini eta jaialdiaren funtsa islatu daiala lortu gura da. Irudiak batera jarteko, ondorengo hashtag honeek erabili daitekez: #OpengramBilbao20 eta #OHBilbao2020, @openhousebilbao etiketatuz.