Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eleiz Museoa eta Miribillako Santa Josefa eleiza asteburuko “Open House” jardueran

created by Urriak 16 eta 17, zapatuz eta domekaz |
|   Komunikazinoa

‘Open House’ arkitektura eta urigintzaren inguruko nazinoarteko jaialdia Londonen sortu zan 1992an eta 48 orduz uriko hainbat eraikinen ateak zabaldu egiten dira, antolatzaileen esanetan, “diseinu eta arkitekturaren presentzia sustatzeko herritarren artean”. Azken urteetan, hainbat uritara hedatu da jaialdia eta, gaur egun, 40tik gora dira ekimenean parte hartzen dabenak, tartean, Bilbao bera. Ekitaldi honetan, Eleiz Museoa, Miribillako Santa Josefa eleiza eta Indautxuko jesuitak bisitatzeko aukera izango da, besteak beste. Egitaraua osorik eta izena emotea: hemen.

“Open House” jaialdiaren aurtengo ekitaldian be hainbat eraikin bisitatzeko aukera izango da. Gidariak, eraikinaren arkitektoak edo eraikinari lotutako pertsonak izango dira. Esate baterako, Eleiz Museoan (Gizakunde plaza, 9B), Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak eraikinari buruzko hainbat azalpen emongo dau: eraikina sasoi batean zer izan zan (monja domingotarren komentua, 1512tik aurrera), bertako gorabeherak (klausura, ikastetxe, arazoak XIX. gizaldi osoan ondoz ondoko gerren eraginez, monjek eraikina bertan behera itzi izana 1977an, uholdeak 1983an…) eta Museo bihurtzea, datorren zapatuz, urriak 16, eguerdiko 12:30etan hasiko dan bisita gidatuan. Eraikinean ikustaldia egingo dabe, lehen zelako eraikina zan eta egiteko barrira zelan moldatu dan jakinez: zati batzuk lehen lez dagoz, beste batzuk aldatu egin dira, monjek ustez eraikinari emon eutsen erabilera, e.a.

Bisita berezi honez gainera, bisita gidatuak egingo dira Museoan, zapatuz, 10:30etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:00etara eta domekaz, 10:30etatik 13:30etara (20 laguneko taldeak eta 30 minutuko bisita), Juan Manuel Gonzalez Cembellin Museoko zuzendari eta historialariaren eskutik, museoaren eta eraikinaren –komentu-klaustroa zutik dauan Bilboko eraikin bakarra- historiari buruzko datu interesgarriak ezagutzeko.

Miribillako Santa Maria Josefa eleizan (Askatasuna etorbidea, 11), zapatuz (15:00-20:00) eta domekaz (15:00-19:00) egingo dira bisitak (18 laguneko taldeak eta 30 minutuko bisita). Eraikin modernoa da eta argiak zeresan handia dau bere diseinuan eta horixe ikusi ahal izango da besteak beste. Gehiago jakiteko: hemen.

Eleiz Museoa