Esnaolak azaltzen dauanez, kristautasunak bakerako eta Giza Eskubideen sustapenerako bidean egin dauan ekarpenaren inguruan jardungo dau. “Zorionekoak bakearen alde lan egiten dabenak, eurei Jainkoaren seme-alaba esango jake-eta” (Mateo 5, 9). Mendiko Sermoian esandako zoriontasun hau Nazareteko Jesusen mezuaren bihotzean dago. Jesusen atzetik jarraitu gura dabenentzat, “Jainkoaren erreinua eta bere zuzentasuna” iragartea, egitasmo espirituala izateaz gainea, “txarkeriari maitasunez aurre egitea da. Bakearen eta Giza Eskubideen alde lan egitea, bokazino, erronka eta pribilegio da kristauarentzat”.
Ekumenismorako ordezkariaren esanetan, Frantzisko Aita Santuak makina bat bider gogoratzen dau gizon eta emakume guztiok duintasun bereko egiten gaituen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala: “bakotxak, ausardia eta erabagiz, dagokion egitekoaren berezitasunean, gizon eta emakume bakotxaren –eta batez be ikusezinen, hau da, gose eta egarri diranen, biluzik, gaixo dagozanen, atzerritarren, atxilotuen, gizartearen kanpoaldeetan bizi diranen, baztertuen- funtsezko eskubideak errespetatu behar ditu” (Giza Eskubideei buruzko Nazinoarteko Biltzarraren mezua, 2020.12.10). Miguel Angelen esanetan, “ikuspuntu ekumenikotik, honek gorputz bera izatera eroango gindukez”.