Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Ekin deiogun lanari”, Bizkaiko Caritaseko zuzendariaren deia

created by Datorren domekako kanpainari begira idatzi dauan gutunean |
|   Komunikazinoa

“Erdu/Te invito” goiburuaren haritik jardungo dau Caritasek urte honetako kanpainetan be. Carlos Bargos eleiz erakunde honetako zuzendariak dei egiten deusku, “geure burua, pertsonak, hartu-emonak, gizarte eta ingurumena zaindu aniztasunean bizi dan eta inor baztartzen ez dan alkartetik”. Honen haritik, Bargosek, eleiz alkarteari zuzendu deutsan gutunean, zera dino: “aurrera egin eta gaur egungo egoerari ausardiaz aurre egin behar deutsagu”, bizi dogun egoerak hainbat muga jarten deuskula kontuan hartuta. Datorren asteburuan Bizkaiko parrokietan batu daiten dirua Caritasen esku itziko dabe.

Kanpaina urte osoan landuko da lau unetan helburu nagusi bategaz: “zaintzearen kulturaren” inguruan sentiberatasuna biztu. Lehenengo jarduera datorren domekaz, irailak 20, izango da, kanpaina instituzionalaren aurkezpenagaz. Abenduaren 20ko kanpainan “alkar zaintzen daben familiak” nabarmenduko dira; 2021.eko martxoaren 7koa, gure ekoizpen eta kontsumo loturen ingurukoa izango da, “lan barneratzailea”, eta ekainaren 6koak, hartu-emonak gizarteratzeko bitartekotzat hartuko ditu, “boluntarioen” arloa nabarmenduz. Egitarau honen bitartez, “pertsonen, izadiaren eta hartu-emonen zaintzea lehenetsiko dauan alkarterantz eta gizarterantz jo gura dogu, jarduera hori garapen gizatiar eta jasangarria sortzeko funtsezko elementutzat hartuz eta gizaki guztiok gizarte gizatiar eta zuzenagoa eraikitzeko dogun erantzukizunaz jabearaziz”. Gehiago jakiteko eta laguntzeko: Hemen.

Carlos Bargos