Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

‘Ecoberri’ egitasmoa jarri da martxan gizarteratzerako enpresakaz

|   Komunikazinoa

Asier Odriozolak (‘Gizartelur’ ekimenaren sustatzaile) eta Nekane Narbaizak (‘Lapiko Catering’ ekimenaren gerentea) Alkarren Barri eleizbarrutiko aldizkariaren azken alean azaldu dabez Bizkaiko Caritasek kudeatzen dituan gizarteratzerako enpresakaz batera martxan jarri dan ‘Ecoberri’ nekazaritza-ostalaritza egitasmo barriaren ingurukoak.

‘Gizartelur’, Bizkaiko Caritasek II. Bikaritzan eskainitako akonpainamenduari eta norbere kontsumorako gizarte baratzeen egitasmoa martxa jarri eben boluntario batzuei esker sortu zan. Ondoren bat egin eban lan arlorako Eleizbarrutiko Caritaseko sailak, 2019ko maiatzean ‘Gizartelur S.L.’ sortzea ekarri eban gizarteratze-laneratze egitasmoa sustatuz. Gaur egun, gizarte-laneratze enpresa lez kalifikatzeko prozesuan dago.

Gizarte ekonomiaren aldeko enpresa martxan jarteko garatutako bideragarritasun egitasmoan jasoten danez, ezinbestekoa da “zikloa ixtea” egitasmoa bideragarri egiteko, hau da, ‘Biozaki’ markagaz ekoizteko eta merkaturatzeko. Hortik sortu zan Gordexolako baratzean ekoiztutako lehengai freskoaren soberakinak eraldatu eta kontserba bihurtu beharra, freskoan merkaturatu ezin daitekenari balioa emoteko.

Gizartelur’ek eraldaketa hori gauzatzeko bitartekorik ez izatean, Bizkaiko Caritasek eta Peñascal Kooperatibak sustatutako ‘Lapiko S.L.’ ostalaritzako gizarteratzen enpresari alkarlanean jardutea proposatu eutsan kontserba ekologikoak prestatzeko eta prozesuan ezinbestekoa zanez elikagai-zentro teknologikoa, proposamen bera aurkeztu jakon ‘Leartiker’ enpresari.

Hiru erakundeek batera dihardue 2019tik ‘Ecoberri’ deitutako prototipaje-egitasmo honetan.

Egitasmoa

‘Gizatelur’ buru da ‘Ecoberrin’, lehengai ekologiko eta lekukoa, bitarteko materialak eta talde profesionala jarten ditu. ‘Lapikoo’, ‘know how’, lokalak, bitarteko materialak, errezeta barritzaileak eta ostalaritzako langile kualifikatuak jarten ditu. ‘Leartiker’ elikagai-zentro teknologikoa, aditua da nekazaritza-elikagai enpresei aholkularitza emoten eta akonpainamendua eskaintzen barrikuntza- eta dibertsifikazino-prozesuetan, euren lehiakortasuna hobetzeko.

Biozaki

Hiru enpresen arteko lankidetzaren eraginez, hau da, jakintzak eta esperientziak trukatuz, ortuari eta fruten soberakinari balioa egongo deutsan egitasmoa garatuko da. Beste alde batetik, kontserba ekologikoak eta bertokoak artisau-erara ekoiztu gura dabez ‘Biozaki’ markagaz, kontserba osasungarriak, kontserbagarri eta koloratzaile bakoak, lan duina eskainiz bazterketa jasaten daben edo jasateko zorian dagozan eta gizarteratze-laneratze prozesuetan parte hartzen daben pertsonei. Inguruarekiko konpromisoa eta ekonomia zirkularraren eredua sustatzea be helburutzat daukiez. ‘Biozaki’ produktuak, ekologikoak, bertokoak eta sozialak dira.