Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Dolors Oller eta pobreziaren ikuskera politikoa

|   Komunikazinoa

Atzo, eta ETPIak “Pobreziaren hondamena” kanpaina amaitutzat joteko antolatu dauan astearen barruan, bigarren berbaldia izan zan Indautxuko karmengo Ama parrokiako areto nagusian, “Pobrezia eta Demokrazia” goiburupean, arazoari ikuskera politikotik heldu eutson Dolors Oller irakasle katalanaren eskutik. Hizlariaren ibilbidea nabarmendu eban Javier Arellano Alboan erakundeko kideak egin eban aurkezpena.

     Ehun eta berrogeita hamar lagun ingururen aurrean, Batzelonako Erlejino Zientzien Institutuan Gizarte Moraleko irakaslea dan honek demokraziaren eta herritarren eskubideen artean dagoan lotureari buruzko sarrera laburra egin eban. Pobreziak demokrazia zalantzan jarten dauala esan eban hasieran: “gero eta nabariagoak diran krisiak dagoz, demokraziak tradizino haundiagoa dauan herrialdeetan hain zuzen ere. Herrialdeen barrualdean sortzen dira krisiok. Nahikoa da hauteskundeetan izaten diran abstentzino-tasa haundiez jabetzea. Hori, gainera, beste honeei lotuta dago: globalizazinoaren logikeari eta herritarrek motibazinoa galtzeari, euren ustez klase politikoa jente arruntarengandik urrin dagoan taldea dalako”.
     Ondoren, gaurko demokraziak aztertu ebazan, zatitua, defizit haundiekin eta ia galbideratuta dagozala esanez. Eta aurreko jardunaldian lez, Nazio Batuen txostenak aitatu ebazan: “honeetan ohartarazten danez, hazkunde ekonomiko hutsak ez dakar pobreziaren desagertzea, aberastasuna ez dalako banatzen. Botere politikoak esku hartu behar dau, jarrera demokratikoetatik. Globalizazinoak aberastasun itzela sortzen dau baina, aldi berean, zulo haundiagoa zabaltzen dau Iparraldearen eta Hegoaldearen artean. Hor dago, gainera, zulo digitala, teknologia barriak ez diralako danentzako eskuragarri”.
     Horregaitik, Estatua globalizazinoaren biktima egitearen mitoa baztartu egin behar dala esan eban: “bai, baina erdizka. Estatuak eragin daualako globalizazinoa, eta multinazionalei jokatzen diharduen lez jokatzeko aukerea emon deutseen erabagi politikoengaitik hartu daualako globalizazinoak gaur egun dauan norabide hau”. Beharbada horregaitik uste dau Ollerek demokraziak makalak dirana, gaur ia kontuan ere hartzen ez diran gizarte oinarrien babes urria dabelako eta legitimitate politikoa galtzear dagozalako, gero eta bide desegokiagoak diralako gizartearen aniztasuna adierazoteko.
     Demokraziaren eta botere politikoaren krisiari gizabanakoarena gehitu eutson. Azken hau balioen krisiari eta neurrigabeko kontsumoa bultzatzen dauan logika ekonomikoari lotuta dago. Gizakia ez da gauza geroko erronkei aurre egiteko, hau da, ezin dau politikea berreskuratu, gizabanakoa eraiki eta demokrazia babestu. “Bidegabekeria eta pobrezia eragiten dituan hainbeste gabeziadun demokraziaren aurrean, edukinez betetako demokrazia berreskuratu behar dogu eta, honegaz batera, politika bera ere berreskuratu egin behar dogu, arazorik haundienak estrukturalak diralako eta, ondorioz, politikan konponbideak emon daikeezan urtenbide estrukturalak behar dabezalako”.
     Herriaren aldeko, batez ere txiroaren eta geroko belaunaldien aldeko garapen jasangarrirantz jo behar dogula nabarmendu eban eta horretarako ongizatetik justiziara igaro behar dogula, bizitza kalitatearen gainetik zuzentasuna azpimarratuz. Horretarako, bere uztez, preminazko neurri batzuk hartu behar dira: txirotasunerako Munduko Fondoa eta kanpo zorra parkatzeko Munduko Sistema sortu, paradisu fiskalak kendu, nazioarteko merkataritzaren antolaketa asimetrikoa eratu eta kontsumo arduratsua bultzatu, bidezko merkataritzaren denden bidez. Neurriotako batzuk martxan dagoz, beste batzuk utopia baino ez dira, mundu zuzen eta bardinagoa eraikitzeari begira.
     Gaurko berbaldian, “Pobrezia munduan eta Eliza salbamenezko sakramentu” gaiari buruz berba egingo dau Javier Vitoria teologo eta elizbarrutiko abadeak arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera.