Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Zer egiten dihardu Bizkaiko Eleizeak etorkin eta errefuxiatuen alde?

|   Komunikazinoa

Datorren domekan, urtarrilak 17, Eleizak ospatuko dauan jardunaldian, bata ala bestea dala, euren herrialdeetatik igesi atera behar izan daben milioika lagunen egoerea gogora ekarriko da. Eleizbarrutian, hainbat talde, erakunde, parrokia, ordena erlijioso... arduratzen da errealidade honetaz. Gotzaitegian, hain zuzen ere, Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzaren barruan dagoan Migrazinoetarako arlotik eskaintzen deutsie arretea, informazinoa eta laguntasuna egoera hori jasaten daben gizon eta emakumeei. Beste alde batetik, Caritas erakundeak, ‘Eguzkilore’ fundazinoaren bitartez, 15 etxebizitza eskaini izan deutsez euskal erakundeei eta nazinoartearen babesa eskatzen daben personei harrerea egiteaz arduratzen diran erakundeei.

Europan errefuxiatuen krisiak eztanda egin aurretik be, Bizkaiko Caritas erakundeak asilo-estatutua eben edo nazinoarteko babesa eskatuta eukien eta Euskadin bizi ziran 74 laguni eskaintzen eutsen laguntasuna eta arreta. Familia eta umeak, oinarrizko gizarte ekintza eta etxe bakoak eremuetan kudeatzen dabez batez be persona honeei jagokezan gorabeherak. Era berean, Caritas erakundeak ‘Argi ibili! – No te encalles’ estrategia jarri eban martxan bizkaitarren artean persona honeen inguruko sentiberatasuna biztu eta, azken batean, “errefuxiatuen eta etorkinen artean kategoriak sortzeko akatsean jaustea” saihesteko, azkenak estigmatizatzeko benetako arriskua dagoalako.

Lekukotasunak eta eukaristia

Migrazinoetarako Eleizbarrutiko eremutik jagokon balioa emon gura deutse gure herrira datozan gizon eta emakumeok dakarren kultura eta giza aberastasuna eta aniztasuna; eskaria be egiten deutse fededunei: konprometitu daitezala “kulturen arteko bizikidetza suspertzen, diskurtso xenofoboak baztertzen eta etorkin eta errefuxiatua harrera, errespetua eta maitasuna merezi dauan gizon eta emakumetzat hartzen”.

Domekan ospatuko dan jardunaldiaren bezperarako, Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzak berbaldia antolatu dau Caritas erakundeagaz batera. Urtarrilaren 14an, eguenez, izango da eta arlo honetan egiten ari dan lanaren barri emongo da. Maria Urbietak (Caritas) eta Hervek (Boli Kostako errefuxiatu) parte hartuko dabe Gotzaitegiak Plaza Barrian dauan egoitzan (Barria), 19:00etan hasiko dan saioan.

Urtarrilaren 16an, zapatuz, otoitzaldia ospatuko da katedralean, bikario nagusia buru dala, 17:30etan.