Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Parte hartze handia ondarea ezagutzera emoteko bideoklipen lehiaketan

created by Epai-mahaiak azken ebatzia emon dau |
|   Komunikazinoa

Europako Ondarearen Urtearen harira Bizkaiko Eleizeren eremuan dagoan ondare materiala zein inmateriala ezagutzera emoteko asmoz, bideoklipen Igo lehiaketea eratu dau Eleizbarrutiko Kultur Erakundeen Mahaiak Elizbarrutiko Ikastetxeen artean. 16 eskolen arteko 14tako ikasleek hartu dabe parte lehiaketan. Epai-mahaiaren eretxian azpimarratzekoa da “zenbait bideok ezarritako oinarrizko arauak zehaztasunez bete ez arren” parte hartzaileek erakutsi daben “interes eta inplikazino handia”. Beraz, lan guztiak ontzat emon dabez. Bestalde, eskerrak emoten deutsez parte hartu daben talde guztiei eta Eleizbarrutiko ikastetxeei “ekimen honi erantzuteagaitik” eta lehiaketa hau “ikasketa tresna bihurtzeagaitik”.

Sari popularrena - hau da botorik gehien jaso dauana- San Juan Ikastetxekoen lanarentzat izan da. Guztira, 10.830 boto euki dabez.

Fernan Gorrotxategi (Eleizbarrutiko Komunikabideen Saila), Igone Etxebarria (Labayru Fundazioa) eta Lander Intxausti (Magisteritza Eskolako zuzendaria) izan dira epai-mahaia osotu dabenak eta aktan batu dabenez honako honeek izan dira sarituak eta sariak emoteko arrazoiak.

Bideo onenaren eta diziplinartekotasunaren saria Somorrostro Irakasguneko `Iraganak izkutatzen diguna´ izeneko bideoklipari emon deutse ondarea aurkezteko azalpena “argumentu landu baten” txertatu dabelako eta talde handiak parte hartu daualako. Horregaz batera, “irisgarritasunari egindako keinua” be kontuan hartu dabe “gor-mutuen hizkuntza” erabilteagaitik.

Euskarazko sari berezia eta making-of onenaren saria Berakruz Ikastolako `Uri sarearen bilakaera´ bideoklipari emon deutse, “diskurtsoaren jariotasuna eta euskara jasoaren erregistroa zaintzeagaitik” eta lehiaketarako bideoa egiteko lan guztia making of “umoretsu eta erakargarri” bategaz erakusteagaitik.
Originaltasunaren sari berezia San Felix Ikastetxeko `Nocedaleko ermita´ deritxon lanari emon deutse, “zinemaren teknikak, gidoi landua eta erritmo bizia bateratzeagaitik istorio dibertigarri eta interesgarri bat kontetako”.

Horrez ganera, epai-mahaiko kideek akzesita emoten deutse Otxarkoagako Irakasguneko SAT taldearen `La basílica de Begoña´ lanari “euskaraz aurkeztu beharreko araua bete ez arren” oso aintzat hartu daualako talde honen “inplikazino handia”. Beraz, salbuespena onartu dau “bideoa aurkezteko egindako lan handia eta interesgarriagaitik”.

Beste akzesit bat emoten deutso Artxandape Ikastolako LHko `San Anton Eliza´ deritxon lanari hain gazteak eta hainbeste kide izanik, “lana aurrera ateratzeko seriotasuna eta umore ona erakustegaitik”.

Aipamen Berezia

Elizbarrutiko Kultur Erakundeen Mahaiak bere aldetik ebatzi dau Aipamen Berezia emotea Elorrioko Maria Bitarteko Ikastetxeko eta Iparragirre ikastolako Haur Eskolako ikasle eta irakasleei hain txikiak izanik “proiektuan parte hartzeko egin daben aparteko ahaleginagaitik”.