Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Osaba Pedro santua izan zan benetan”

created by Jaime Roldán, Pedro Asuaren loba |
|   Komunikazinoa

Bihar, Gasteizko Maria Sortze Garbia katedralean ospatuko dan Eukaristian, On Pedro Asua eta Mendia dohatsu autortuko dabe. Semez Balmasedakoa zan abade honek Enkarterrietako herribildu horretan jardun eban abade lez hamabi urtez. 1936.eko abuztuaren 29an atxilotu eta hil egin eben. Bere lobetako seme batek, bera lez arkitektoa danak, dohatsuaren bizitzari buruzko zertzelada batzuk emon deuskuz.

Osaba Pedro 1890an jaio zan Balmasedako ‘Correría’ kalean. Hamasei urtegaz hasi zan arkitektura ikasten Madrilen. Ikasteaz batera, musika be landu eban, Balmasedako parroki eskolako eta Gasteizko ‘Schola Cantorum’ dalako abeslaria izan zalako. ‘Arkitektoen Alkarte Erlijiosoko’ eta ‘Paduleko San Bizente Alkarteko’ kide lez landu ebazan bere pentsamentu eta ideia espiritualak.

Zeintzuk dira bere arkitektura-lanik garrantzitsuenak?

Bere lehen obra garrantzitsua Albia Koliseoa (1915-16) izan zan. Lan honetan, arkitekturari eta musikari eutsan maitasuna islatu ahal izan eban. 1917-20 urteetan, hainbat obra egin eban Madrilen, esate baterako, Jai-Alai frontoia Joaquin Rucoba arkitektoagaz batera. Hemen, makina bat obra egin eban: Getxoko eskolak, Aingeruen Andra Maria Asiloa Erromon, Karidadeko Alaben Etxea Gueñesen edo San Kristobal eleiza Gasteizen.

Maila pertsonalean, zein izan zan obrarik nabarmenena?

Balmasedako ‘Escuelas Mendía’ deritxanak. 1920an zabaldu zan, Anai Maristen ardurapean. Baina bere obra handia Gasteizko Seminarioa izan zan. Ikasten eta lan egiten eban seminarioko gelan egin ebazan planoak.

Gizon apala ei zan…

Bai, holan da, ona eta apala. Ezelango ospe bako herri edo auzo bateko abade izatea zan bere ametsa. 1929ko depresino-garaian osaba Pedrok behartsu askogaz topo egin eban. Hamaika gestino egin eban beharginen alde. Katekista izan zan, Ekintza Katolikuko kidea. Gogo jardunak zuzendu ebazan Zallan, Gueñesen, Trutziozen, Sodupe eta Sopuertan. Laburbilduz, on eginez emon eban bizia. Atseden barik jardun eban besteengaitik eta besteentzat.