Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Miguel Zugaza eta Jacinto Batiz saritu ebazan atzo Begoñazpi ikastolak

created by “Gazte Role Model Saria’k banatu dira |
|   Komunikazinoa

Elizbarrutiko ikastetxeen sarean dagoan eta 1.400 ikasle inguru dituan Begoñazpi ikastolak “Gazte Role Model Saria” dalakoaren III. Ekitaldia ospatu eban atzo. Sari honen bitartez, ikasleentzat eredugarri diran balio profesional eta solidarioak autortzen dabez. Gaur egun Prado Museoko zuzendaria dan Miguel Zugaza durangarra eta Jacinto Bátiz Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrietarako Unitateko burua izan dira saria jaso dabenak, hain zuzen ere, Nestor Basterretxea euskal artistak egindako eskultura.

 

Aurreko ekitaldi bietan gertatutako moduan, aurton be jente ugari batu da Begoñazpi ikastolak eratutako Gazte Role Mode sariketan saritutakoen balio profesional eta solidarioak autortzeko. Nerea Begoñak, ikastolako zuzendariak aitatu ebanez, "saritutakoak gure ereduak dira. Euren jakinduariari besteen esperientziak gehitzen jakin izan dabelako. Hauxe da, hain zuzen, gure gazteei erakutsi gura deutseguna".

Epai mahaia osotu ebenak ondorengo honeek izan ziran: Guillermo Ulacia INNOBASQUE Barrikuntzarako Euskal Agentziako Presidentea; Juan Antonio Castro SPRIko Barrikuntza eta Informazinoaren Gizarterako Zuzendaria; Jose Mª Vázquez Eguskiza Bizkaiko Enpresarien Konfederakundeko (CEBEK) Presidentea; Gaspar Martínez Bizkaiko Elizbarrutiko Idazkari Nagusia; Miren Abasolo Bizkaiko Elizbarrutiko Ikastetxeetako Zuzendari eta Eusko Ikastola Batzako Presidentea eta Nerea Begoña Begoñazpi Ikastolako Zuzendaria. Euren arteko batzuk berba egin eben saritutakoen alkartasun eta sormenerako jarrera garbiak azpimarratzeko.

Bikario Nagusiak, Anjel Maria Unzuetak epai mahaikoen aukeraketea txalotu eban barregarriro aitatuz, "besteak beste nire ezagunak diralako", baina argi eta garbi goraipatu eban bai Migel Zugazak zein Jacinto Batizek be, bakotxak bere arloan, egindako lana. 

Eredu profesionalaren saria Miguel Zugaza Prado Museoko zuzendari eta Sofia Erregina Museoko eta Bilboko Arte Ederretako Museoko zuzendari ohiari emon eutsen, “bere profesionaltasun, erantzukizun eta hobetzeko ahaleginagaitik”. Eredu solidarioari dagokion saria, Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrietarako Unitateko buru eta Bizkaiko Sendagileen Kolegioko Deontologia presidentea dan Jacinto Bátizek jaso eban, “bizitzatik heriotzara igarotea esperientzia hain traumatikoa izan ez daiten, gaixoari eta bere familiari emoten jakon osoko arreteagaitik”.

Bai batak zein besteak be, eskerrak emon eutsezan ikastolakoei eta saria hezkuntza mundutik jasoteak daukan garrantzia azpimarratu eben. Migel Zugazak garrantzia handia emon eutsan eskola sasoiari "erabagi garrantzitsuak hartzeko garaia dalako. Artista handiek be euren etorkizuna eskola aldian ebatzi eben". Durangarrak bere aitari, Leopoldo Zugazari emon eutsazan eskerrak "artea barru-barrura sartzearren, berau dalako zelan halango fedeagaz joten dogun babesleku ederra. Artista sena eukita, artearen inguru-marietan ibiltea be ez da gitxi".

Jacinto Batizek, bere aldetik, bizitzaren amaiera naturala heriotza dala erakustea oso garrantzitsua dala adierazo eban. Bere esanetan, "behinekoa da eskoletan heriotza zer dan eta aurre zelan egin behar jakon erakustea". Medikuak argi eta garbi itxi eban, hilzorian dagozan gaixoek bizitzen erakusten deutsela egunero.

Bere esangurea dala-ta, Estatuan aitzindaria dan sari honek adibide eta eredu jakin batzuk aurkeztu gura deutsez ikasleei, suspertzaileen esanetan, "euren inguruan erreferenteak izan dagiezan, jokamoldea bideratu eta gizarte eraldaketearen eta gizakiaren osotasunaren alde jardun dagien". Holan, behin sariak banatu eta gero, sarituak ikastolara bertara joaten dira ikasleei euren bizi esperientziak zuzenean esatera.

Los galardonados junto a los miembros del jurado.