Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Margarita beatearen museoaren inaugurazinoa

created by Eukaristia arratsaldeko seiretan ospatuko da |
|   Komunikazinoa

Berrizko Mesedeetako Misiolariek euren sortzailearen, Margarita Lopez de Maturanaren izeneko Museoa daukie. Alkarteko monjek eta herritar batzuk egin eben atzo erakusketatik zeharreko lehenengo bisita gidatua. Gaur, arratsaldeko lau ta erdietan ordeneko beste monja batzuk igaroko dira Museotik eta arratsaldeko seiretan, On Mario Izeta buru dala, mezea ospatuko da.

Museo barria komentuan bertan egozan materialakaz osotu da. Ia bost mendeko historian arlo artistikoan zein dokumentazino aldetik batutako hainbat gauzagaz osotu da erakusketea. Honen harira, Museoa koordinetan ibili dan Juan Manuel Gonzalez Cembellin, Eleiz Museoko zuzendariak, argibide batzuk emon dauz: "Margarita Maria berak idatzitako zenbait eskuizkribu, misionetara bialdutako gutunak, argazkiak, pelikulak, edo misino lurraldeetatik heldutako hainbat gauza batzen dira".

Batutako materialen artean agertzen danez, Margaritak gaitasun handia euki eban sasoiko beste monjak mobitako eta berak esandako bidetik jarraitu eragiteko. "Era horretara, hainbat oztopo gainditu ebazan, baita Erromako kuriaren aurrean be. Bere asmoa ordenak misinoetarako bidea hartzea zan", dino Cembellinek.

Berrizko Mesedeetako monjen sortzailearen lanak urteetako jarraipena izan dau eta mundutik zehar zabaldu da. Lehenengo misiolariak 1926an abiatu ziran Txinara eta gaur egun, bost kontinenteetan dagoz monjak.

Ordenaren bihotza

Berrizko Mesedeetako Misiolariak 1930ean sortu ziran, Margarita Lopez de Maturanak klausurako komentua misinoetako institutu bihurtu ebanean.

Sasoiko hizkerea erabiliz, institutuaren asmoa "Jesukristo ezagutzera emotea eta Ebanjelioa mundutik zehar zabaltzea" izan zan. Berak helburu honegaz batera, "gizakiaren duintasuna bilatzen eban edozein izanda be bere sorlekua", Cembellinen arabera.

Museoaren suspertzailearen arabera, helburu nagusia beateak egindako lana ezagutzera emotea ez eze "batez be gazteen artean, alkartasun eta parte hartze kontzientzia zabaltzeko asmoa euki dogu".