Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Manu Arruek parkamen eta adiskidetzeari buruzko egitasmoa koordinatuko dau Loiolan

|   Komunikazinoa

Datozan urteetan, batez be indarkeriak eta giza eskubideen urraketak jasan izan dabezanek, akonpainamentua jasoteko aukera izango dabe Loiolak Santutegian. Gaur egun gure Eleizbarrutian Bake eta Adiskidetzearen saileko arduraduna dan Manu Arrue jesuitak koordinatuko dau egitasmo hori.

Loiola Santutegiko Loiola zentroak Bake eta Adiskidetzearen inguruko egitasmoa jarri dau martxan, “gure herrian era bateko eta besteko indarkeriek eta giza eskubideen urratzeak eragindako zauri eta sufrimentuak sendatzen lagunduko daben prozesuetan lagun egiteko”, azaltzen dabe arduradunek.

Loiola Zentroak hainbat ekimen garatuko dau: harrera eta topaketarako, alkarrizketarako eta alkarri entzuteko eremuak izango dira; hausnarketa sozial eta espirituala; sendatze, suspertze eta giza hazkunderako ibilbideak; parkamen eta adiskidetzearen inguruko heziketa eta ikerketa… Egitasmo hau Jesusen Lagundiaren beste egintza batzuek, Eleizak, gizarte eragileek eta administrazinoak alkarlanean garatuko dabe.

Parkamen eta Adiskidetzearen Eskolak

Joan dan otsailean, Parkamen eta Adiskidetzearen Eskolak esperientzia jarri eben martxan. Berez ekimen hau Kolonbian sortu zan, munduko 22 herrialdetara hedatuta dago eta indarkeriak eta giza eskubideen urraketak jasan edo eragin dabezan gizabanako eta gizataldeei zuzenduta dago. Loiolako santutegiko jesuita eta laiko batzuk Perura joan ziran iaz, gaur egun arlo honetan erreferentea dan herrialde amerikarrean egitasmoaren garapena eta emaitzak zuzenean ezagutzeko. Bere aldetik, Peruko eskolako arduradunak Loiolan izan dira, Euskadin egitasmoa martxan jarten laguntzeko.

Otsailean martxan jarri eben esperientzia horretan hamabost lagunek parte hartu dabe orain arte. 2018an, Loiola Zentroak beren-beregi konbidatu dituan personez osatutako beste talde bik parte hartuko dabe. 2019an, eskola honen eskaintza zabala egin gura da eta ikastetxeetara egokitutako esperientziak be garatuko dira.

Loiolako Santutegiko Loiola Zentroaren egitasmo hau Kongregazino Nagusiak (2016) eguneratutako Jesusen Lagundiaren Misinoaren zehazpenaren emaitza da, bertan dei egiten jakelako jesuitei eta laikoei hautsitako mundu honetan adiskidetzearen eragile izan daitezan.