Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Hiru emakume Eleizbarrutian sexu-abusua prebenitzeko batzordean

created by Lehenengo batzarra gotzainagaz |
|   Komunikazinoa

Gaur ospatu da adin txikikoen babeserako eta sexu-abusuen prebentzinorako eleizbarrutiko Bilboko Eleizbarrutian eratu dan Batzordearen lehenengo batzarra. Gotzaina buru dala ospatu dan batzarrean izan dira batzorde horretako zuzendari dan Carlos Olabarri abade eta Eleizbarrutiko Auzitegiko justizia-eragilea eta batzordean dagozan hiru emakume laikoak: Maria Fernandez abokatua; Maria Gomez psikologo eta Lagungo familia biderapenerako eleizbarrutiko fundazinoko taldeko kidea eta Julia Moreno Somorrostro ikastegiko irakaslea. Teo Santos ertzaina eta Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kide ohia be batzordeko kide da.

Joan dan uztailaren 31n sortu zan adin txikikoen babeserako eta sexu-abusuen prebentzinorako batzordea Bilboko Eleizbarrutian. Dekretuak aita santuak mundu guztiko eleizbarrutiei egindako eskakizunari erantzuten eutsan: sistema bat jarri eiela martxan, nahi dauanak abusu-kasuak salatzeko aukera izan daian.

Batzorde hau, Justiziarako Kuriari atxikita egongo da. Batzorde honetako Zuzendariak, hau da Carlos Olabarri abadeak, jasoko ditu abusuen inguruko salaketak eta beste hainbat informazino. Batzordeko kideek, hainbat eremutan daben gaitasunagaitik, laguntasuna eskainiko deutse Zuzendariari bere egitekoak garatzerakoan.

On Mario Izeta gotzainak lehenengo batzar honetan esan dauanez, Bizkako Eleiza “leku segurua izatea” nahi dau, bertan “personaren babesa eta sustapena funtsezkoena” izango dalarik. Adierazo dauanez, ezinbestekoa da prebenitzea, gertaera “gaitzesgarri” honeek gertatu ez daitezan.

Batzordearen erabagiz, helbide elektronikoa eskuragarri izango da Eleizbarrutiko web orrialdean eta hantxe aurkeztu ahal izango dira bidezko informazino edo salaketak.

Hurrengo batzarra, azaroan

Hurrengo batzarra azaroaren amaieran ospatuko da, Gotzainen Batzarraren Osoko Bilkuraren ostean, izan be, gotzainen bilkura honetan gai hau landuko da eta abusuen prebentzinorako eta biktimen pastoral arretarako argibide zehatzak jasoko dituan direktorioa aurkeztuko dabe.