Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Haur Misiolariak dalakoaren aldeko diru-batzea Bizkaiko parrokietan

created by Datorren domekaz ospatuko da |
|   Komunikazinoa

“Jesusegaz Belenera, hori bai barri ona” goiburua aukeratu dabe aurton datorren domekaz, urtarrilak 27, ospatuko dan Haur Misiolarien egunerako. Urtarrileko laugarren domekaz izaten dan Aita Santuaren ardurapeko ekintza honen bitartez, munduko umeek alkarri laguntzea bultzatu gura da. 2017an, 16 milioi eurotik gora batu ziran mundu osoan eta, horri esker, txikienei zuzendutako 2.000 egitasmo inguru sustatu zan han eta hemen.

Jose Maria Calderon Aita Santuaren ardurapeko Misiolari Egintzak (OMP) erakundeko zuzendariak martitzenez aurkeztu eban Madrilen jardunaldia Mario Leon Dorado Mendebaldeko Saharako prefektu apostolikoagaz eta Mohamed Fadel lurralde horretako Haur Misiolariak dalakoaren onuradunagaz batera eta batutako diruaren inguruko datuak emon ebezan.

Mendebaldeko Saharako prefektuaren esanetan, kristinauen presentzia urria dan lurraldean, euren laguntzaren jasotzaile behartsuak musulmanak zirala konturatu ziran. Haur Misiolariak erakundetik urtero jasoten dabezan 8.000 dolarrakaz, unean uneko beharrizanei aurre egiten deutse, esate baterako: Sahara zeharkatzen daben eta bakarrik, euren umeen kargu geratzen diran emakume etorkinak; “pobretasunaren sorgin-gurpiletik atara ahal izateko” umeek eskolara joateari itzi ez deioen laguntza emoten jaken familiak…

Eleizaren erakunde honek alkartasun unibersalerako sarea osatzen dau, umeak diralarik protagonista nagusi. Aitzindari da haurtzaroaren babesean, Umearen Eskubideen Genevako adierazpena baino 80 urte aurretik eta UNICEFen sorrera baino 100 urte aurretik sortu zalako. Hasieratik, umeen duintasunaren alde egiten dau eta umeek gizarteari eta Eleizari egin deikieen ekarpena aldarrikatzen dau.

Haur Misiolarien egunak, protagonismoa emoten deutse umeei misiolari zerbitzuan: eurak dira misiolari egitekoaren eragile, emoile eta hartzaileak. “Umeek umeei laguntzen deutse” goiburua nabarmentzen dabe.

Haur Misiolarien egunerako kartela