Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

`Gogoeta Astea´, fedea eta kulturaren arteko alkarrizketan

created by Bihar hasiko da Loiolan |
|   Komunikazinoa

Bihar, abuztuak 26, `Gogoeta Astea´ hasiko da Loiolan. Inaugurazino ekitaldian Angel Mari Unzueta abadeak, aurreko bikario nagusiak emongo dau berbaldia. `Evangelii Gaudium´ izango da bere berbagaia. Izan be aurtengo hausnarketa eta alkarrizketa saioetako gai nagusia `Ebanjelioaren poza´ izango da. Beste urte batzuetan legez kultura eta fedearen arteko loturea suspertu gura da aste osoan. Horretarako era askotako konbidauak egongo dira. Bihar, Anton Mari Aldekoa-Otalora, Iurretako parrokiako arduradun laikoak emongo dau bere fede bizi esperientziaren barri. Etzi, Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariak.

Bihar hasi eta barikura arte, abuztuaren 30era arte luzatuko dan `Gogoeta Astea´XXXV. ekitaldira heldu da aurton. Beste batzuetan legez, oraingo honetan hitzaldiak eta hausnarketa, alkarrizketea eta otoitza izango dira nagusi. Astearen beste berezitasun bat zera da: saio eta ospakizun guztiak euskeraz izaten dirala.

Angel Mari Unzueta abadeak zabalduko dau bihar, goizeko 9:30etan hasiko dan ekinaldia. `Evangelii Gaudium: sargoriaren ondorengo haize fina´ izango da bere hausnarketearen izenburua. Titulua, orripeko oharrak eta ostantzeko beste giltza batzuk aztertu eta sakonduko dauz prestau dauan berbaldian. Amaieran bere eretxi batzuk azpimarratuko dauz hizlariak. Besteak beste, dino Frantziskok bere testuan laikoen partaidetza azpimarratzen dauela eta klerikalismoaren aurkari modura agertzen dala. Unzuetaren ustez inguru honetan, "ezinbestekoa izango da oreka barriak bilatzea, sakramentuen eta zerbitzuen artean, elizkizunen eta bide-laguntzaren artean".

Azkenengo egunean, barikuan, Egoitz Zabala misiolari-ohia eta Arrasateko Aita Menni ospitaleko pastoral arduradunaren berbaldia egongo da. Tartean, Jon Sarasua, Mondragon Unibertsitateko Irakaslea; Pello Azpitarte, Deustuko Unibertsitateko pastoral arduraduna eta Xabier Itcaina Zientzia Politikoetako irakaslearen berbaldiak entzun ahal izango dira. Laikoen lekukotzen artean, Onintza Enbeita, bertsolaria; Mertxe Sagastizabal, erlijio-irakaslea eta Elise Dilet, `Bizi´ alkarteko kidea.

Ángel Mari Unzueta.