Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Gizarte musikarako estatuko sarea sortu da, San Frantzisko auzoko ‘Etorkizuna musikatan’ tartean dala

created by Atzo eratu zan Madrilen |
|   Komunikazinoa

Atzo, irailak 29, musikaren bidez gizarte eraldaketa bilatzen dauan gizarte-hezkuntza ekimeneko presidente dan Miguel Angel Esnaola Eleizbarrutiko abadea Madrilen izan zan atzo, ‘Etorkizuna musikatan’ San Frantzisko auzoko taldea eratu barriari atxikitzea ekarri eban ekitaldian. Gizarte musika sareak Gobernuko Presidentetzaren menpe dagoan Umeen Pobretasunaren Aurkako Borrokarako Goi Ordezkaritzaren babesa dauka eta Madril, Bartzelona, Zaragoza, Bilbao eta Gasteizko musika-gizartea hirugarren sektoreko zortzi erakunderen bultzadari esker sortu da. Bizkaiko egitasmoa, San Frantzisko auzoan sortu zan 2013an, Norai alkartearen eskutik, askotariko kultura, hezkuntza, erlejino… eremuak sortzeko eta “desbardin eta anitzaren aberastasuna” baloratzeko helburuagaz.

Madrileko Moncloa jauregian atzo ospatu zan ekitaldian eratu zan Gizarte Musikaren Sareak “kulturaren ahalmena eta talde ikaskuntza musikala gizarte eraldaketarako bitarteko” lez aldarrikatzen dau. Umeak eta gaztetxoak dira egitarauaren jasotzaile nagusiak eta jarduera doako musika praktikaren eta abesbatzen emonaldien bidez gauzatzen da. Bilbon egitaraua garatzen diharduan Norai fundazinoa da sare barriko kideetako bat. Fundazinoko presidente dan Miguel Angel Esnaola pozik agertu da sare honen sorreraren aurrean, bere esanetan, “zalantza barik, ikusgarritasun gehiago emongo deutso musikaz baliatuz bizitzarako eskola izan gura dauan egitasmo honi”.

‘Etorkizuna musikatan’

Desbardin eta anitzaren aberastasunari balioa emon gura deutsan mobimentu hezitzailea da. San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako mutiko eta neskatoekin umeen orkestra sinfonikoa eratu da, musikaren bidez, inguru kaltetu samarrean, gizarte-hezkuntza esku-hartzea ahalbideratzeko.

Bilbon bizi diran musikari venezuelar batzuei bururatu jaken hau, eta martxan jarteko, gizarte laguntzan aritzen dan Norai hezkuntza arloko alkarteagaz hartu-emonean jarri ziran. Bere egoitza Bailen kalean dauan alkarte honek, San Frantzisko auzoan abiapuntua dauan eta beste hainbat lekutara hedatu gura daben eremua sortu gura dau.

Maria Molinuevo sustatzaileetako batek Alkarren Barri – Comunicación eleizbarrutiko aldizkariari eskainitako alkarrizketan azaltzen dauanez, egitasmoak “orkestra-musikaren elite-sen horregaz amaitu gura dau, musika hau orain arte, ez dalako heldu gizatalde ahul eta kaltetuetara”.

Sarearen sortzaile

Atzo eratu zan sarearen sortzaile dira: Madrileko Ekintza Musikaren bidez Fundazinoa, REDOMI plataforma-alkartearen DALaNota eta VOCES Fundazinoa; Bartzelonako Xamfrà Fundazió; Zaragozako ‘Orquesta Escuela’ Alkartea; Gasteizko Muga bako Musikari Solidarioak; Bilboko Norai Fundazinoaren ‘Etorkizuna musikatan’ eta Palau Vincles, Palauko egitasmoa.

Orkestra irakasleagaz entsegu batean